ABA 51-55

Imanol Epelde
0

51

Potocchin hotza Oruron atea zabalik uzten dutelako egiten omen du. Orurora goaz gaur bertan. Atea ostia hori ixtera.

52

Astelehen goizean ginen elkartzekoak goizeko 8:30etan Potocchi departamenduko pedagogia arduradunarekin. 9:30ak arte itxaron genuen. Azkenean ppt miserable batzuk inprimatu eta haize hotza hartzera bidali gintuen. Hemengo errealitate linguistikoaz ikasi nahi genuen. 37 nazionalitate nola biziraungo dituen konstituzio berriak, curriculum berriak. Oraingoz irudikatu baino ezingo dugu egin, hurrengo herrian azalpenen bat emango digutelakoan.

53

Kalabazak jaso genituen egun berean Potocchiko 80 bat eskola zuzendarirekin tailer bat egin genuen gure hezkuntza esperientzia sozializatzeko eta hizkuntz berreskurapenean izan ditugun ezagutzak jakinarazteko. Alarma sortu nahi izan genuen. Hizkuntza asko daudelako galtzear Bolivian. Ardura eman nahi izan genien. Euren errespontsabilitatea baino ez baita hizkuntza hurrengo belaunaldietara ondorengoetaratzea. Eta esperantza. Egin litekeelako, bideak badaudelako egoera irauli eta lurrari arnas ematen dioten hizkuntzak biziberritzeko.

54

Hizkuntz ekologiari gabezia bat ikusten diot. Garai okerretan sortu izana. Ekologismoa diskurtso instituzional eta pertsonal huts bihurtu eta lurra asfaltoka iraintzen dugun garaiotan, koherentziarik gabeko teoria da. Izatekotan bizimodu jasangarria izanda du zentzua; lurrarekiko, hizkuntzekiko, geure buruekiko.

55

Iraingarria da hemengo bizi kostua guretzako. 3 eurotan egiten dugu lo, afari ederrak 5 eurotan, taxia hartzea euro bat baino ez da kostatzen… Hemen guretzat ez du ezerk preziorik. Geure buruak ez bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA