ABA 91-95

Imanol Epelde
0

91

Bertako Aymaren uzta ez galtzeko, kazkabarrik ez pasatzeko eraikitako harri sortaren alboan, eguzkia sartzear, hondartza ttiki ugariak Titikakako urekin jolasean, espektakulu gorena naturarena. Eta ni, bakarrik, hura kontenplatzen zoriontsua naizela pentsatzen. Oso. Eta bestela ere bai. Finean, zoriontsua naizela pentsatzen. Bizitzari eskerrak eman dizkiot zorioneko egin nauelako, paisai eder hau lekuko. Ia malkotan uzteraino.

92

Eguzkiaren irlako neska koxkorrek bi txanpon eskatzen dituzte argazki bat eurei ateratzearen truke. Gauza bat eskubiderik gabeko herria izatea delako eta irudi eskubiderik gabeko herria bestea.

93

Eguzkiaren irlatik La Pazera itzuli gara. Berriz egin dugu bat gainerako 5 lagunekin. La Paz kanpamendu base bihurtu dugu. Eta gaur Coroicora abiatuko gara, Boliviako lehen gune turistikora. Zoragarria da bidea. Hala diote. Autopistako peajea ordaindu arren lainoak ez digulako errepidetik metro bat bat haruntzago ikusten utzi.

94

Lehen gune turistikoa. Boliviakoa. Coroico. Iritsi berritan inpresio tristea. Asfaltatu gabeko bidean egin ditugu azken kilometroak. Plaza kaleetan betiko anabasa boliviarra: merkatu, kamioi, ikasle, agura… denak batean koadro bakarrean, bakoitza bere pertsonaia justifikatzen.

Bi egunetara beste paradisu bat deskubritu dugulakoan gaude, batez ere hasierako lainoek piskanaka lurra bere biluztasun berdean agerian utzi dutenean.

 

95

Borracho estaba, pero me acuerdo. Victor Hugo Viscarra lapaztarraren liburu zintzoa hiriko bizimodu krudelaren testigantza jasotzen. Non egiten dute lo hiriko kaleetan bizi direnek? Nola bizirauten dute ia 4.000 metrotako hotz burdinezkoa? Zeren bila ari dira basura poltsetan zersuma dabiltzanak? Bizitza madarikatuaren kronika Viscarrarena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA