ABA 96-99

Imanol Epelde
0

96

Coroicon zaldiz ibili ginen. Reinaldorekin. 2 seme-alaben aita, 50 bat urterekin 15 urte inguruko neska batekin oheratu eta aita izana zen hirugarrenez. Aurreko familia eta ohorea galdu zituen ordutik.
Bakarrik bizi zen harrez gero. Bere etxola zahar eta zikinean 10 zaldirekin bakarrik.

Zaldi buelta amaitzean halaxe esan zidan: ikusten Imanol! Etxera itzuli eta ez dut inor kaixo edo zermoduz eguna galdetzen didanik.

Bakardadea oinutsik ibiltzen da Bolivian ere.

97

Munduko errepiderik arriskutsuena Bolivian omen dago eta El camino de la muerte deitzen diote. La Pazetik Coroicora bidean dago. Guk urrutian ikusi dugu Herioren bidea eta pentsatu (Coroicora iristen behelainotan pasa ditugun estuasunen ondoren) Herio errepideetan baino bolantean aritzen dela gehiegiegitan bizitzarekin lardaskan.

98

Azken egunak. Azken egunak Bolivian. Soratara heldu gara gaur, Illinamiren anai-arrebaren, Illampu menditzarraren magalera. Azken egun lasaiak biziko ditugu hemen: lur eguzkitsu, berde eta geldo hauetan atsedenean.

Gustura ibiliko gara hemen, egunari probetxu handiagoa atera nahian, batez ere atseden hau amaituko zaigula jakinda Soratatik, Boliviatik bueltan. Gaur etxekoekin hitz egin dugu eta etxekoen epelera, gure betiko bizimodura itzultzeko gogoa handitu zaigu. Hanka bat putzuz bestaldera dugu dagoeneko.

99

La Pazeko zurrunbilo erotik ihesi Soratan sosegua topatu dugu eta egonaldia luzatu. 3 egun oso egin ditugu paraje eder, lasai eta aldapatsu hauetan atsedenean. Bihar La Pazera itzuliko gara eta bi lo eginda Bolivia utziko dugu puska baterako. Eta Bolivia uztearekin hilabete pasatxoan bizitako oroitzapoenak ere gurekin eramango ditugu motxilan. Zorionez, oroimenak ez du lekurik okupatzen. Egindako opari batzuk bertan utzi beharko genituzke bestela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA