Sexua klasetan

Imanol Epelde
0

Niri ez zidaten inon inoiz larrutan egiten irakatsi, ez besarkadak ematen, ez sentimenduez hizketan. Nik pelikuletan ikusi eta irudikatutako eszenak interpretatu nahi izan nituen ohean, arrakasta etsigarriz. Aldizkarietako eta pantailako pornografia gezurra zela berrikasi arte.

Eta inpresioa dut oraindik ere edukiak atomizatzen eta teknifikatzen jarraitzen dugula eskolan, pertsona bakoitzaren heziketa espirituala bazterrean utziz, pertsonengan interesgarriena den aldea ahaztuta. Noiz erakutsiko dugu amets egiten, sortzaile izaten?

Horretarako eskolak gainditu egin beharko luke alde bakarreko komunikazioa: ni naiz irakaslea, ni naiz dakiena eta zuk nik esandakoa ikasiko duzu. Eskolak parte hartzailea izan beharko luke. 2.0. Eta hori ez da 300 ordenagailu eta 200 kanoi erosita soilik lortzen. Hori elkarrengandik ikasteko asko dugula aitortzetik hasten da. Hezkuntza elkarrizketa da. Ez bakarrizketa.

Badugu zer egin eta zer amestu. Hezkuntza sistema eraldatu behar dugu eta eskola berriak ireki. Eta hori ez diot nik: Oteitzak esana da Quosque tandem…! liburuan. Izenak izana ematen omen du.

Kalapita sortzeko sortu zen Kalapita ere. Izenari ohore egin diezaiola berripaper honek bederen!

 

(Zarauzko Oteitza Lizeoko Kalapita gazte kazetarako idatzia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA