Komunera sartu, atea ondo itxi eta dutxako ur txorratada bero-beroa zabalduko dut gaurkoan, katedral bihurtu nahi dudan komun hau lurrunak hartu dezan, ispilutik nire siluetak desagertzen diren arte. Estresatuta, urduri, ezinegonak jo nau aste honetan eta ihesbidea nahi dut. Ez da oso aterabide ekologikoa ur txorrotarena baina, ona da estresetik ihes egiteko.
Espainiako Vuelta aurreko igandean amaitu zen eta egonezinez eta urduri nago, bueltaka-bueltaka Espainiako Ligako futboleko baloia hasi delako. Partidak nola borrokatzen dituzten ikusita, ba ote dago euskal taldeentzat Espainiako futbol liga irabaztea baino sari galaiagorik? Edo ba ote dago Xabi Alonso izatea baino adibide eredugarriagorik Euskal Herrian? Espainiako koloreak eta Real Madrilen kamiseta defendatuta ere, Gipuzkoak ohore eta men egin zion aurreko larunbatean ere.
Urduri jartzen naiz bai, pentsalari edo poetak bidegile izan beharrean, zinekoak bihurtzen dizkigutelako izar bakar. Tartean da, nola ez, Xabi Alonso bezala, aste honetan Donostian izan den: Julia, Julia Roberts. Bere hankapean eduki gaitu guztiak txorabiatuta, egun batez, egun bakar batez izan bada ere.
Eta nik diot, izango dela bera baino gehiago merezi duen aktorerik, hankak depilatu gabe, edo beso lodixeagoak dituenik, gurea bezalako zinemaldi baten txaloak merezi dituenik. Baina horiek ez dute glamourrik, horiek ez dira gente guapa.
Martxa honetan, hurrengo urtean, James Bond ekarriko digute eta gure gazte eta periodikoek, barkatu horrela esatea baina, kaka egingo dute berriz, emozioaren emozioz, Mari Cristina hotelaren parean gelarik luxuzkoenetik noiz aterako, goiz osoan egon ostean.
Izan ere, James Bond ona da armekin. Oso oso ona. Baina seguru zer ikasi handia izango duela Euskal Herrian. Hemengo polizia multikoloreak asko dakielako. Batez ere 5 egunetan jendea inkomunikatuta edukitzen, bideo zaintzarik gabe.
Ezinegona sortzen dit azken egunetako garaipen kantuak ere. Espainiako Gobernuak lan aktiboen eskumenak orain eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, negazioazio luzeen ondoren. Martxa honetan, manifestatzeko eskubidea ere negoziatu egin beharko dugu Madrilen. Baita gure herrian galdeketak egiteko eskubidea ere, bestela, 7 urtez inhabilitatuko gaituzte! Sarri, sarriegitan, terrorea eta ezinegona sortzen du su etenik eskaintzeko prest ez dagoen demokrazia honek.
En fin, itxi dezadan ur txorrotada, neguko hotzak heldu baino lehen argi indarraren prezioa igoko digute eta. Krisiaren aitzakian BEZa igo ziguten eta lan erreformarekin langile eskubideak murriztu. Eta orain, krisi hotsak leuntzen ari diren honetan… galdu ditugunak berreskuratuko ote ditugu berriz? Edo horiek behin betirako galdu ditugu, bankuei gure poltsikoetatik emandako diruak bezala?
Ikusiko dugu hurrengo asteak zer ematen digun! Baina krisiaz, argi indarraren prezioaz eta lan erreformaz, seguru, oso oso gutxi arduratuko direla
Alonso,
Roberts
eta Bond.
James Bond.