Euskadi Irratiko Faktoria saioan aurreko ostiralean eginiko saioa hemen, entzun eta irakurgai.
Astearen errepaso poetikoa egitera etortzen naiz ni hona, horregatik ikusten dut mundua nire komunetik. Esertzen naiz trono zurian, hartzen ditut egunkari eta irratiak eta hausnarrean hasten naiz, azkeneko bonba bota artean.
Oraingoan ere jaitsi ditut galtzak, prestatu ditut paperak eta jesarri naiz eroso hausnarrerako. Oraingoan ordea, poesia bila ibili naiz notizietan, poesia bila munduan. Asko kosta zait poesia aurkitzea, asko, gure ibaietan angulak aurkitzea baino gehiago! Hain da diskretoa eta lotsatia poesia! Nondik begiratzen jakitea da kontua, nondik eta.
Eta batez ere: nola.
Poesia izan ohi den bezala, ez zen batere diskretua eta lotsatia izan, Kolonbiako Gobernuak munduari erakutsi zion argazkia: FARCeko buruaren zerraldo odoldua agertu baitzuten, hemengo ehiztariek lagun arteko argazkietan erakusten dituzten akabatutako uso, oilagor edo basurdeak bezala.
Literatura ona egiten dute horrelakoetan gobernuek, gertakarien inguruko azalpenak emateko. Hain dira onak esplikazioak! Sinesgarri egiten zaizkigula gehienak! Ziria non dagoen jakiteke.
FARCekin hartu emanetan ibili direlakoan atxilotu ditu Espainiako poesia nazionalak hainbat euskal herritar. Eta inoiz ohituko ez garen literatura zaharra berritu dute berriz. Eta herri honen historia nobelatu tristean beste kapitulu bat idatzi, bukaera zoriontsurik inoiz izango duen jakin ezinik.
Baina literatura, literatura. Marbellatik datorkigu. Malaya kasua: 95 akusatu aulkian, eta 200.000 folioko txostena 196 tomotan. Tolstoiek ere ez zukeen horrelako nobelarik amestuko. Argitaletxe batek baino gehiagok izango du begiz joa kasua. Ez dago literaturara jo beharrik, errealitateak fikzioa gainditzen duenetan.
Hauxe polita. Arte eszenikoak lau zirela entzun nion bati:
lirika, antzerkia, dantza eta politika.
Ados nago. Kalitate txarrekoa baina, politika ere artea da. Bai hemengoa behintzat. Zer nahi duzue esatea: ez dugu labelik eta kito! Lehendakaria da akaso salbatzen den bakarra. Besteenetik kopiatu bakarrik egiten duela pena! Gainerako politikariek musika jarri behar izaten dute, literaturarik, poesiarik eskaini ezinda. Gernikako prentsaurrekoan bezala: Mikel Laboa bozgorailuetan eta deklarazioetan, betiko hizkuntza lehor eta zurrun aspergarria. Benetan, faltan botatzen ditut aspaldian Arzalluz, Otegi eta Clemente!
En fin, labela, eta ohorea merezi duen poesia eta literatura AEBetan aurkitu dut. Espetxeetan heriotza zigorra jaso duten presoek gutunak idazten dituzte, eta jendeak erantzun egiten die. Gutun guztiak “write a prisoner” webgunean aurki daitezke. Onak dira gutunak, akaso, preso horiek ez dituztelako hitzak eta denbora alferrik galtzeko, akaso hitz bakoitza hil ala bizi aukeratzen dutelako, poeta handiek bezala, Lauaxetak fusilatu aurrean idatzi bezala.
Horiek ari dira bizitzaz, horiek ari dira poesiaz. Horietaz aritu nahi dut nik. Eta horietaz arituko naiz hurrengo astean ere, nire trono partikularretik.
1 Iruzkin
[…] This post was mentioned on Twitter by Imanol Epelde Pagola, imanol agirre. imanol agirre said: RT @27zapata: Nire komunetik III. Ostiralean eginiko astearen errepasoa Euskadi Irratian | 27zapata http://t.co/sYXpOWH Ez ahaztu bonba … […]
[WORDPRESS HASHCASH] The comment’s server IP (208.74.66.43) doesn’t match the comment’s URL host IP (74.112.128.10) and so is spam.