Nire komunetik 101029

Imanol Epelde
0

Pausuak lasai-bakan emanez hurbildu naiz gaur nire komunera. Delituaren arrastoa ezkutatzeko plastikozko guanteak jantzi ditut, kristalak garbitzeko fris-fris botila eskuin eskuan hartuta. Eta ispiluaren aurrean jarrita, zalantzarik gabeko begirada zorrotzarekin egin dut tiro, nire bihotz parera.

Izan ere, gaur, urriko azken ostirala da. Eta nik komuna garbitzeko aprobetxatuko dut, ez baita txukuna astero besteren etxeak haizatzen ibiltzea, norberarena txukun eta garbi ez badago.

Esaterako, orain urte batzuk, diktadore anker deabruzko bat kendu nahi izan zuten AEBek Iraketik, suntsipen handiko armak zeuzkatela argudiatuta. Eta diktadore hura kargutik kentzeko, ez zuten modu hoberik aurkitu suntsipen handiko armekin erasotzea baino. Eta hara, bost urteren ondoren, gerra numerotan kontatu digu Wikileaks atariak, sekretupeko 400.000 dokumentu sareratuz. 109.032 hildako utzi ditu gerrak gutxienez, horietatik 66.081 umeak, amak, igeltseroak, liburu saltzaileak, ikasleak eta erizainak. Zibilak alegia, gerrarekin zerikusirik batere ez zutenak. Aurreko diktadoreak oso oso txarra behar zuen izan, egoera hobetzea lortu badute.

Horregatik emango zioten iaz Bakearen nobel saria beltzez mozorrutako AEBetako presidente zuriari, Iraken irakatsitako lezioa Afganistanera eramaten jakin duelako. Eta, gertakariak argitu eta salatu beharrean, eta horrelakorik gehiago ez gertatzeko neurriak hartuko dituela esan beharrean, beste 120 lagun kontratatu baititu Pentagonoan, modua egin dezaten sekretupeko agiriak ipurdi bistan gehiago ez geratzeko.

Enfin, kontua da hurrengo egunean, Britainia Handiko The Guardian egunkariak beste horrenbeste egin zuela: militar britainiarrek presoekin egiten zituzten barrabaskeriak argazki eta kontakizunetan argitaratuta. Zoritxarrez, asko dira “Izarren argiak” munduan, aste honetan estreinatu den pelikula gogoan edo aste honetan tortura salaketak ikertzeko Donostian izan den epaiketa gogoan. Gu ere ez gara ba, ingelesak eta norteamerikanuak baino gutxiago izango!

Kontua da Wikileksen dokumentuak argitara eman eta bi egunetara Europako Batasuneko 27 estatuetako atzerri ministroak elkartu zirela Luxenburgon. Eta astea komunean pasatzen duen kaiku honek pentsatu zuen, Wikileaksek argitaratutako dokumentuak aztertuko zituztela edo aipatuko zituztela sikiera. Baina ez, Kubaz mintzatu ziren. Kuban jende gaiztoa bizi baita, giza eskubideak errespetatzen ez dituen jendea. Eta Europako Estatuek giza eskubideak errespetatzen ez dituenarekin ez dute izaten harremanik .

Horregatik, izango da laster Madrilen Khaled bin Sultan, Saudi Arabiako printzipea, Espainian egindako gerrarako 200 tankeren salerosketa negoziatzeko. Saudi Arabian emakumeek hauteskundeetan aurkezterik izan ez dezaten segurtatzeko eta heriotza zigorrak indarrean segi dezan. Eta batez ere, Yemen eta Saudi Arabiaren artean, Irakekoa bezalako bakea berma dezaten.

Marokorekin ere harreman txarrik ez du Europak. Nahiz eta aste honetan 14 urteko mutil gaxte bat hil eta zerraldoa bahituta lurperatu duten, familiak non dagoen jakin gabe, krudeltasunik ankerrenean.

Baina Kubarekin ez dago erdibiderik andere-jaunok, Kubak bai, Kubak giza eskubideak zapaltzen ditu. Ez naiz ni izango hori horrela ez dela esango duena. Baina Kuba bezain gorri eta diktadorea da Txina. Eta Txinarekin zein harreman diplomatiko izango duten ez dute eztabaidatzen inoiz… Luxenburgon.

Mundutik heldu zaigu besterik ere:

Kolera zabaldu da Haitin, Pakistanek ur azpian jarraitzen du, eta Indonesian olatu erraldoiek ez dituzte sumendiak itzaltzen herriak aurretik eraman gabe. Gogorrak mundutik datozen notiziak, bai, aste honetan aurkeztu den 2011ko Italiako Giroaren ibilbidea bezala, Italiarren batasunaren 150 urteak ospatzeko espektakuluak gailendu behar baitu, humanismo guztietatik urrun, gerran bezala.

Tira, komuneko argitan, ispilura botatako tiroa marko osora zabaldu dut, trapua hartuta. Eta karea kentzeko beste fris-fris potearekin aritu naiz gero komunean, nire garbiketa partikularra egiten, guda betean egongo banintz bezala. Txukun eta garbi geratu da azkenean dena, ezarri dut nire bakea, hurrengo astean nire komunetik idatzitako kronikak egiten jarrai dezadan. Ondo bukatu urria!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA