Aste honetan ez da ekonomia izan zenbaki gorritan ibili den bakarra. Termometroak ere zero azpitik izan ditugu, eta hoztuta, izoztuta bukatu dugu batzuk astea. Besteak beste, berogailurik ez dugulako komunean.
Tira. Berogailua eduki badaukagu, baina aurten elektrizitatea eta BEZa igo denarekin, belaunetan manta jarrita hasi gara komuneko lanak egiten, aurrezki guztiak komunetik behera joango ez bazaizkigu.
Hurrengo urtearekin batera gainera, gehiago igo nahi dute elektrizitatea: %10. Halere, zorrak zor eta lorrak lor, gure herrian gabonetan eta rotondetan jartzen dituzten aingeruek, lasai ederrean jarraitzen dute tronpeta jotzen argi dirdira guztiekin.
Eta egia esan, argia beharrezko izan dugu eta izango. Aste honetan goiza hasterako iluntzia eduki dugulako: Santa Luzia! Eguna motz-motza eta gaua luzia.
Eta zer nahi duzue ba, abenduan gaude eta abenduko eguna argitu orduko iluna. Ilunetan ilun, ordea, Julian Assange ibili da, espetxeko itzalpean pasatu behar izan baitu astea. Eta bai, lau hormen artetik atera badute ere, espetxean geratu da... askatasuna, adierazpen askatasuna.
Wikileakseko buruak ezkutuan ibili beharko du beti. Demokraziaren zaindari guztiak izango baititu atzetik satelite, kontrol eta espioitza militarrekin, politika pasilloetan egiten jarrai dezaten.
Pasilloetan bai. Hemen politika korridoreetan egiten baita, gure bizkar. Argi uzten dute hori Wikileaks haizatzen ari den sekretuek: herritarrak zelatatzen dituzte gobernuek, eta eurek dokumentuak zazpi giltzekin gordetzen dituzte.
Egiazko erabakiak pasilloetan hartzen dituzte, bai, ustez guk aukeratutako gure agintariak zertan dabiltzan jakiteko eskubiderik izango ez bagenu bezala. Eta mikrofono aurrean, denen bistan esaten dutena ez da… teatroa besterik.
Teatroa. Tira, den-dena ere ez da antzerkia. Alarma egoerarekin jarraitzea esaterako. Urtarrilaren 15era arte luzatu dute orain egoera hori, eta 16an pribatizatzen hasiko dira kontrol dorreak, aireportutakoak esan nahi dut. Gainerako kontrol dorreak, gu kontrolatzen gaituztenak ondo pribatizatuta baitaude, aldian aldiko agintarien esku.
Eta gero, hauteskundeetan sinestarazi nahiko digute guk erabakitzen ditugula politika ekonomiko, sozial eta kulturalak. Baina, herritarrek Kosovoko hauteskundeetan aste honetan emandako erantzuna errepikatuko da gero eta gehiago. Isiltasunarena, hauteskundeez eta zakurraren buztanaz axola bera izatearena. Abstentzioa %60tik gorakoa izan baita.
Gainontzean Betikoak. Notiziak. Seguruena ere, beste 8 ohe huts, beste 8 platera huts izango dira gure etxeetan Gabon jai hauetan, etenik ez duten atxiloketen ondorio. Kazetariak atxilotzen jarraitzen da Euskal Herrian eta inor ez da asaldatzen. Betikoak badakizue. Realak Bartzelonaren aurka Now Campen galtzea bezala, Iparraldean AHTren aurka milaka herritar kalera ateratzea bezala, edo Berlusconi, Silvio Berlusconi italiako kontrol dorrean buru soil distiratsuarekin ikusten jarraitu behar izatea bezala, beatifikatu artean.
Eta Xabier Leteren gisara, geratzeko joan zen poeta baten hitzak bertsionatuz amaituko dugu gaurkoa. Bitoriano Gandiagarekin.
Gabonak datozela ta, jendearen tarrapata, adornua ta zarata, zelofan, paper de plata, nahiz epelean nahiz zorretan, kapritxorik ez da falta, txanpon-txanpanak botaka, itxura hala dala-ta.
Gehitu dezagun ordea, errebueltaren ostean iristen dela beti… badakizue zer ezta?
urtarrileko aldapa.
Zaindu patrikak ondo!