Urtarrila ilbeltza da, izotzila, hilabete iluna, gogorra. Beltza. Aurtengoa gehiago. Igo delako argia, gasa, Euskotren, Renfe, igo delako peajea, taxia… igotzeari sekula uzten ez dioten beste gauza batzuk ez aipatzearren: gasolina, langabezia edo euriborra esaterako. Baina gaur, ilbeltzaren zazpigarren eguna da. Eta zazpia zenbaki magikoa da. Eta beharko dugu magia, ilbeltzetik aterako badugu urtarrila!
Zazpia zenbaki magikoa da bai, zazpi direlako Euskal Herriak edo lotsagabearen kopetean ateratzen diren azalak, edo zazpi direlako sufritzen ari denak ikusten dituen sorginak, zazpi negu gorrian bizi denak galtxagorriari ikusten dizkion adarrak.
Zazpi giltzekin gordetzen dira sekretuak ere. Euskal politikagintzakoak bai gutxienez. Gurean ez dagoelako Wikileksik, gurean dena baita misterio. Guztia da uste, omen eta itxura. Adibidez: ETA azken agiria idazten ari omen da, baina ez dakigu ez zertaz, ez noiz aterako duen. Urkullu ere ustez Madrilekin negoziatzen ari da pentsioen erreforma, kutxen berregituratzea eta egoera politikoaren inguruko kontu zenbait, baina ez dakigu zer zeren trukean. Ikusleak baikara gu. 2.0aren garaietan erabakietan parte hartzeko aukerarik ez dugun ikusle mututuak.
Zazpiaren magia beharko da “Nafarroa bai, Nafarroa nahi” ez bihurtzeko, Nafarroak inoiz beste gobernu bat izango duela amesteko. Zaila dago. Bartzelona bideo jokotik ateratzea bezain zaila. Eta magia beharko da eta onekoa gainera, krisitik ateratzeko 67 urtera arte lan egitea proposatu dutenak okerraz konbentzitzeko.
—
Magia behar eta urteko gaurik magikoena izan dugu aste honetan. Errege eguna. Espainiara behintzat joan dira Erregeak, ekialdekoak, Txinakoak, Txinako errege komunistak. Eta ez urre, ez intsentsu eta ez mirra, Espainiako zorraren zati bat erosi dute 6.000 milioi eurotan. Laster ditugu gurean Txinako ONGak karidadeko bentak zabaltzen. Eta guk mundua lagundu izan dugun bezala lagunduko gaituzte: Trukean. Euren produktuak erosten jarraitzeko trukean.
Enfin. Asko izan da beherapenetan hasi berri den aste honek ekarri duena. Hasteko hego haizea. Bai eta tabernetako keak debekatzen dituen legea ere. Txillida-leku debekurik gabe itxi behar izan duten aste berean jakin dugu Balentziaga museoko eraikina prest dagoela eta Guggenheimek sekula baino bisitari gehiago izan zituela iaz. Aste honek etxera Haimar ekarri digu, bost urtez Frantzian gatibu izan ondoren. Bai eta notizia hau ere: Espainiako Senatuan euskaraz ere hitz egiteko baimena. Eusko legebiltzarrean eta Nafarroako parlamentuan euskaraz hitz egiten den bezainbeste egiten bada Senatuan, baimena emate hutsa horixe bihurtuko da: hutsa, itxura putza.
Eta andere-jaunok, urtea hasi besterik ez da egin. Ekarriko ditu berri gehiago bizitzak. Ikusiko dugu zer bihurtzen den edo zer bihurtuko duten notizia eta zer ez. Nik nire komunetik jarraituko dut ilbeltzari kolorea ematen. Asteburu honetako zubia bihur dadila ostadar! Hurrengo astera arte!
1 Iruzkin
[…] This post was mentioned on Twitter by Imanol Epelde Pagola, Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: #euskalblogosfera Nire komunetik 110107: Powered by Podbean.com Urtarrila ilbeltza da, izotzila, hilabete iluna,… http://bit.ly/hBrVkJ […]
[WORDPRESS HASHCASH] The comment’s server IP (208.74.66.43) doesn’t match the comment’s URL host IP (74.112.128.10) and so is spam.