Gaixotasun berri baten izena entzun eta ikasi dugu aste honetan: progeria. Behar baino lehenago zahartzeari deitzen zaio horrela. Eta erremedioa aurkitu omen diote gaitzari. Otsailak beste edozein hilabetek baino egun gutxiago ditu eta lehenago zahartzen da. Horregatik da urgentea zelula transplantea hilabete honentzat. Oharkabean ihes egitea nahi ez badugu behintzat!
Otsaila egunik gabe ez ezik, otsorik gabe ere ari da geratzen. Tunisiatik Ben Alik ihesi joan behar izan zuen, Mubarak orain egun gutxi erorarazi zuten, Gadafi kolokan dago eta munduko beste herrialde batzuetako otsoek ere ez dute lehen bezala egiten… ulu.
Aitor dezagun egia, Arabiar herrialdeetako protesta eta uluekin, Google mapekin baino hobeto ari gara ezagutzen munduko geografia. Orain badakigu zein estatu dagoen zeinen ondoan, ikasi dugu Egipto zergatik den estrategikoa, eta jakin dugu Bahrain izeneko estatu bat ere izan badela. Bai asko ari gara ikasten. Besteak beste, Europar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak ez direla fidatzeko moduko lagunak. Orain arte gorputz eta arima defenditu dituzte hango eta hemengo diktadore ugari. Gadafik AEBen laguntza izan du “gerra antiterrorista” deiturikoan, eta Europari petrolioa saldu dio Libiak: Repsol espainiarra, British Petrolium edo Total frantsesa Libia zukutzen aritu dira. Baina orain, herritarrak altxa direla ikusita, Libiako diktadura gaitzetsi dute eta demokraziaz hitz egin justizia ikasgaiak emanez, petrolio kupela garestitu eta burtsak jaisten hasi direnean.
Europar Batasunak inoiz baino ozenago eta azkarrago adierazi du kexua eta neurriak hartuko dituela iragarri. Hillary Clintonek “aukera guztiak” aztertzen ari direla adierazi du. Aukera guztiak. Eta bati bizarrak puntan jartzen zaizkio, AEBak “aukera guztiak” aztertzen ari direla jakiteak.
Sobera ere ondo ezagutzen ditugu hauen aukera guztiak zeintzuk diren: gerrak. Izan prebentiboak, izan aseptikoak edo humanitarioak. Baina gerrak. Europak ere, ikusiko dugu zein humanitatez artatzen dituen Europara sartu nahian ibiliko diren etorkinak.
Baina Europak badu beste arazorik ere. Euroa nork gobernatuko duen jakin ezina besteak beste. Europako Banku Zentrala presidente bila dabil Jean Claude Trichet frantsesak laster utzi beharko duelako kargua. Azken uneko ezustean, Axel Weber alemaniarrak ez omen du presidentetza hartuko, eta orain herrialde bakoitzak bere hautagaitzak jarri ditu mahai gainean, Italiak Mario Draghi, Finlandiak Erkki Liikanen eta Holandak Nout Wellink. Denak gizonak, denak banku gizonak.
Eta Espainiak inor proposatu ez duela ikusita, akaso, akaso diot eh! egokia izan daiteke aste honetako notiziak entzunda… Ruiz Mateos proposatzea! Gezur ekonomikoak sortzen aditua, paradisu fiskaletan katedratikoa… Ez du gaur egungo krisia eragin duena baino burbuila handiagoa sortuko. Hori ziur. Nik behintzat aukera bat emango nioke behinola Supermanez jantzita agertu zen enpresari xalatuari.
Ez enpresari eta ez politikari, badirudi bonbak, labadorak eta autoak direla azkenean, inteligenteak diren bakarrak. Bueno, horiek denak eta surfeko taulak. Aurreko astean, gogoratuko duzue, olatu artifiziala erakutsi ziguten, Gipuzkoako Diputaziotik 500 milioi euro baino gehiago jaso ondoren eraikitakoa. Diru horrekin sustatu zitekeen Txindokiren erreplika bat… Araba Errioxan, baina bueno, olatua izan dute nahiago. Aste honetan berriz, surf taula inteligentea erakutsi digute. Inteligentea. Bai. Aste hau bezalaxe.
Ze makinak eta objektuak inteligenteak izan badaitezke, asteak ere suerta daitezke inteligente. Batez ere, oroimenez gorderikoak badira. Pasa berri dugun aste hau bezalaxe. Oroitzeko, 23 F idatzi dizkigute, 23 X baino gehiago dauden tokian. Erantzun gabeko galderak asko direlako oraindik. Horretaz gain, oroitu dugu Fernando Buesa eta Jorge Diez bizkartzaina hil zituzteneko egun lazgarria. Oroitu digute Euskaldunon Egunkariaren aurkako auzi ekonomikoa irekita dagoela oraindik. Oroitu nolako hiriak nahi dituzten Donostiako Bukowski tabernari zuzeneko musika debekatu diotenean. “Hura ez baita lekua” esango dute batzuk. Hura ez akaso, baina bai Mikelazulo. Atzo berean aurkeztu baitzuten “Hura ez da lekua” izeneko jendaurrekoa.
Nik badakit zein den nire lekua, eta bertatik, hemendik, nire komunetik jarraituko dut mundua kontenplatzen. Hurrengo astean gehiago! Aio, aio!