Nire komunetik 110304

Imanol Epelde
0

Profetarik prestigiotsuenek ere ez zuten iragarri herri arabiarretan gertatzen ari denik. Enbusteroen sutan erreko genuen igarle haizepoltsa Michele Alliot Marie biarriztarrak Atzerri ministro kargua utzi beharko zuela aurresan izan balu. Eta poteko melokotoitzat hartuko genuen gehienezko abiadura 120tik 110era mugatuko zutela gaztigatuko zuen azti tonto-Pilatusa.

Halere, lastertasuna moteltzeko erabakia ez da berez txarra. Krisia ez baita ekonomikoa soilik. Ekologikoa ere bada, energetikoa ere bai. Tira eta humanitarioa, finantzieroa, soziala, pertsonala eta animikoa ere bai. Agian ez baita autoarena askatu behar dugun azeleragailu bakarra, gure bizitzak frenatu ezin daitezkeen autopistetan baitoazkigu, bide seinaleei desaxola.

Ez du ematen gure bizitza abiadura mugatuko duen lege egitasmorik dagoenik inongo gobernuren lehentasunetan. Ez eta euriborra mugatzeko asmorik dagoenik ere. Aste honetan jakin baitugu, aurreko 6 hilabeteetan igo den neurri berean igo dela hilabete bakar batean. Euriborra dagoeneko ez da garai bateko ume xalo bano purtzila. Akordatzen bestela, nork bihurtu zituen euro pezetak? Eta ordutik nori irteten zaizkio batuketak, kenketak, biderketak… Orain, gainera, Euribor indizearen aldaketak, gehixeago estutuko ditu gure hipotekak eta praketak… Kopuru handiagoak eskatuko dizkigute hilero Kutxak eta BBKak. Ekonomialariak bihurtu dira gure profetak. Eurenak baitira akzioak, interesak eta letrak.

Eta irabaziak klaro. Aste honetan jakin dugulako 2010ean IBEX 35aren irabaziak %22 igo zirela urte bakarrean, lan eta pentsio erreformak eta gastu sozialak murriztu diren krisialdi ekonomiko bete-betetan. Bai eta mila milioika euro irabazi dituztela Banco Santander, BBVA, Telefonica, Repsol eta Endesak. Guk inauterietako ostegun gizenarekin konformatu behar izaten dugu. Beste batzuk urte gizena egunero zelebratzen dute, inolako mozorrorik behar izan gabe.

Mozorrorik jantzi gabe ari gara gu ere herri arabiarretako matxinadei miraz. Ez dugu elkartasunik adierazi kalean, ez dugu poz handirik adierazi hango erregimenak erortzean. Akaso, eta akaso diot, herri arabiarretako iraultzen prezioa gu ere ordaintzen hasiak garelako izango da eta erreboltariek pasa behar diguten fakturaz beldur garelako. Bien bitartean, Hernanin ikerketa zentroa irekiko dutela jakin dugu aste honetan, ikerketa teknologikoa egiteko zentroa alegia. Eta batek humanitatea ikertuko duen zentroak noiz sortuko dituzten eskaka jarraitzen du, humanitatean eta giza zientziatan inbertituko duenik ez baitago. Eta gu, erantzun ezinik gabiltza ondo bizitzea zer den gurea bezalako jendarte materialistan. Horrela, azken puntako teknologiarekin egindako igogailu, auto elektriko eta hegazkin hegalak ditugu, baina ez dakigu horiekin guztiekin nora joan nahi dugun, nora igo nahi dugun, bizitzarekiko diskurtso koherenterik gabe.

Gainerakoan, beste urte batez Oscarrak izan ditugu. Errege hitz totela protagonista duen pelikula irabazle. Totelak akaso ez baino motelak, mengelak diren beste batzuk ere ezagutzen ditugu. Seguru haiek ere entrenatzen aritzen dela, Oscarra jaso duen pelikulako erregea bezela.

Gainerakoan, beste urte batez freskatu behar izan dugu memorian 76ko martxoaren 3a, gertakariak ez daitezen ahazturan desagertu. Ez da ikerketarik egin, ez dira arduradunak zigortu, ez zaie biktimei barkamenik eskatu. Trantsizioa oraindik guztiz ixteko dagoen seinale. Eta, hara! Beste aste bat joan zaigu atxilotuta eta inkomunikatuta. Lapurdin eta Bizkaian, beste 11 ohe hutsik geratu dira. Notizia onak bakarrik kontatuz egindako asteko kronikak laster izango dira baina! Gorde dezagun esperantza eta gogoa. Eta irribarrea. Eta ilusioa. Bizitza profeta prestigiotsuenek ere iragarri ezin duten pelikula baita zorionez. Gu gara protagonista eta zuzendari. Guk idazten dugu gidoia. Zorroztu ditzagun arkatzak. Hurrengo astera arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA