Nire komunetik 110311

Imanol Epelde
0

Mozorrotuta, zomorrotuta pasa dugu aste hau. Zomorrotuta bai. Inauteriak kolorez beterikoak izaten diren arren, zomorro itxura izaten baitute pertsonaia askok. Ez da kasualitatea, sutan bukatzea gehienek, heriotza ordain: Lantzen Mielotxin erretzen dute, Kanpezun Toribio epaitzen, Markitos Zalduondon, Antxon Zarkua IraƱetan… Funtsean, aste honetan, denok eman diogu su gure barruko zanpartzarrari!

Izan ere, neguaren hondarretan, txar guztiak erretzeko konjuroak eginda eman behar zaio ongietorria udaberriari. Eta zenbaitzuk garizumari ere bai. Berrogeialdiari ekiteko, hausterre eguna pasa berri baitugu. Ez baitator inoiz gaizki gogoratzea nondik gatozen eta nora goazen, Donostiako Antzerki Saria irabazi berri duen Errautsak obrak adierazten digun bezala.

Aste honetan, albistegietako hautsak gehien harrotu dituena Libia izan da berriz ere. Gadafik Tripoli, Troyako hiria bezala defenditu nahi izan baitu, defentsarik onena eraso egitea dela sinetsita. Eta horretarako aurreko urteetan Europar Batasunean erositako armak erabili ditu. Iaz, esaterako, 344 milioi euro gastatu zituen Libiak Europako zentro komertzialetan gerrarako jostailuak erosten. Eta jostailu horiekin segi nahi du jolasean NATOk ere. Iragarri baitu, negu hotz eta gogorraren ondotik Afganistanen eraso gehiago egingo dituela. Pentsa dezakezue Afganistanen negua gogorra izan bada, zein udaberri datorkien, NATOk jolasak oso-oso serio hartzen baititu, Game overra iritsi artean.

Ba… Afganistangoa bezalako beste udaberri bat eskaintzearekin egin dio mehatxu NATOk Gadafiri ere. Bitartean guk, aste honetan oroitu egin dugu soldadutzara derrigor joan beharretik libratu ginela 10 urte pasa izana. Nahiz eta urrun dagoen amets antimilitarista hura, tanke eta eskopeten muturrak okertu eta lore bat puntan jarriko genien amets hura.

Eta martxoaren 8aren bueltan jakin dugu, emakume eta gizonezkoen lan baldintzak berdintzen hasiak direla. Berri ona dirudi horrek baina hara! Hori ez da gertatu emakumeen egoera hobetu delako, gizonezkoen baldintzek okerrera egin dutelako baizik.

Aste berean jakin dugu, itxi egin behar izan dutela Txinan Barbi panpinak promozionatzeko irekitako 6 pisutako zentro komertziala. Ez galdetu Barbiekin nola bete dituzten orain arte 6 pisu, ez galdetu martxoaren 8ko protesten eraginez izan den itxiera hori. Besterik gabe. Txinatarrak, itxuraz, ez daude panpin pinpirinarekin jolasean aritzeko dispuesto. Eta kito.

Horrelako panpin askorekin hezia izango da Marine Le Pen ere, Fronte Nazionaleko politikari frantses eskuin muturrekoa. Kontua da inkesta baten arabera, berea izango litzakeela alderdi bozkatuena hurrengo hauteskundeetan. Halaxe jakin dugu aste honetan. Baina bati ez zaio bururatzen zer egon litekeen Sarkozyren eskuinetara… horma bat ez bada.

Europako Auzitegiak berriz, bigarren aldiz zigortu du Espainia, tortura salaketak ez ikertzeagatik. Eta aste berean jakin dugu azken polizia operazioan atxilotutakoek salatu dutena ere, sexu eraso eta guzti. Ez dakiguna da salaketa hauek ere ikertuko dituzten, hemendik hamar urtera Europako Auzitegiaren aginduz kaltetuari 20.000 euro ordaintzea aski bada…

Aste honetan bertan jakin dugu gainera, gero eta gehiago direla milioi bat dolar baino gehiagoko aberastasuna dutenak. Batzuk mundu mailako krisiarekin aberasten ari direla emateraino. Hor dago ondasunak behar bezala banatzen ez direnaren testigantza argia. Munduko aberatsenen artean da Amancio Ortega Inditex arropa dendetako burua ere. Ez dakiguna da Ertzaintzak erosi nahi dituen txapel-bisera berriak egiteko prest egongo den. 140.000 euro txanpon txikia izango baita beretzat.

Arraroena da ordea, futbolaririk ez egotea aberatsenen zerrenda horretan, milioi bat dolar akaso ez, baina milioika zale dituztelako segika, astearteko Bartzelonaren partidua ikusi zuten guztiak lekuko. Ba orduan, pentsa eta ondoriozta dezakegu, futbolariek baino askoz gehiago irabazten dutela gizon-emakume aberats horiek. Eta asko ez, ikaragarri ere ez, guretzat pentsaezina da kopuru hori. Ez baitugu sekula horrenbeste diru sartu daitekeen eltzetxorik ikusi. Zomorro batzuk mozorroak neurrira eginda dituztenaren seinale.

Berriz ere ez da faltako zomorroak erraustu eta mozorroak janzteko arrazoirik.. Asteburu on denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA