Nire komunetik 110506

Imanol Epelde
0

Ardiak. Ardiak garela diote. Bee eta beee. Baina ez. Behiak gara. Behiak gara, larrean etzanda, aurretik pasatzen ari den trenari edo aurrean jarritako telebistari begira. Munduak telebistaren neurriko gidoia baitu. Aste honetan frogatuta geratu den bezala, espektakuluarena da gizarte hau.

Aurreko ostiralean hasi zen dena. Britainia Handiak erret ezkontza espektakularra eskaini zigun. Larunbatean, berriz, espektakulua eman zuena Donostiako Erret taldea izan zen, munduko futbol talderik handiena bere oinetara makurrarazita. Igandean, mezetara itzuli ginen berriz. Batikanoak Juan Pablo II. beatifikatzeko aparteko espektakulua ekoitzi baitzigun, Karol Wojtylak zeruan Galeseko Diana kontsola zezan.

Eta astelehenean, hainbeste ezkontza, zeru eta ñoñokerien ondoren, pelikularik onenetako gidoiak gaindituz, norbait infernura bidaltzea tokatzen zen. Eta nor hobe horretarako, Osama Bin Laden baino. AEBetan jendea kalera atera zen ospatzera, euren bandera eta kartelekin, hiritarrik zoriontsuenak bailiran munduko gizonik gaiztoena hil ondoren. Eta hara diferentzia. Aste honetan Hamas eta Alfata adiskidetu diren herrialdean, Palestinan, norbaiten hilketa horrela ospatu izan balute, fanatikoak lirateke, mendeku zaleak, terroristak ere bai, baina, ez, ez Ameriketako Estatu Batuetakoak. Haien Jainkoa eta gurea, ber-bera baita, gure zorionerako dena esan behar badá.

Obamak adierazi du justizia egin dela. Badakizue nola, ezta? Torturen bidez lortutako informazioarekin jendea besteen etxean, nola esango dugu… baketzen. Horregatik emango zioten Bakearen nobel saria Obamari! Geronimo deitu diote operazioari gainera. Bere bizitza Mexiko eta AEBn aurka mendekatu zuen azken buruzagi apatxea izan zen Geronimo, bere ama, emaztea eta seme-alabak hil ondoren. Indioek pelikuletan ez ezik, gaur eguneko telebistan ere gaiztoak izaten segitzen baitute, (Osama Bin Ladenen pareko,) euren lurretan eta lurretatik garbitu zituzten arren.

Baina mundua orain ez da aurreko astean baino seguruagoa, alarma atomikoa eta nuklearra desaktibatu edo isilarazi duten garai berean, beste alarma gorriago bat piztu baitute: terrorista. Eta mundua orain, nik bezain ondo dakizue zuek, ez da aurreko astean baino justuagoa. Jar gaitezen etxera begira bestela.

Baionan aurreko larunbatean manifestazioa egin zuen Seaskak, euskara luzaroan kulunkatzen jarraitzeko eskubide eske. Horrelakoak ere eskatzen segi behar baita oraindik Europan. Hauteskunde kanpainarako gure kale ederrak txapaokumez dekoratu dituzten aste hau, berriz, amaiezin bilakatu dute Espainiako auzitegiek, Bilduren inguruan hartu beharreko erabakiaren zain. Igandean, Auzitegi Gorenaren epaia ezagutzeko itxaronaldia garizuma baino luzeagoa izan zen, eta zer esanik ez Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain, bart egin behar izan ditugun orduak. Ez da telebisatua izan baina, espektakulu hutsa izan da dena azkenean: aste hasieran ETA zena, orain ez da. Epaile batzuk kontserbadoreak omen eta aurrerakoiak besteak. Eta nik epaile aurrerakoiak nolakoak izan daitezkeen irudikatu nahian, toga beharrean biserak jantzita imaginatu ditut epaiak hip-hop doinuen neurrira ematen. Kontua da estres politiko-judizial eta demokratiko honek amaitu beharra daukala eta lehenbailehen gainera, tentsio hau osasunerako amiantoa baino okerragoa ari baita bihurtzen.

Zaila dirudi baina asteak eman du gehiagorako ere. Maiatzaren bata amen eguna eta langileena izan zen. Ama langileena beraz. Krisi garai hauetan, ez dakit ordea, zer den krisian dagoena benetan, ekonomia edo herria. Langabezian jende ikaragarri dagoen arren, inor gutxi sumatzen baita suminduta. Gaur Almeriako itsasoan ehortzi ditugun izenik gabeko beste 22 lagunengatik inor gutxi haserretuko den bezala. Edo inor gutxi asaldatu den gisan, Donostiako Kursaalean aste honetan egiten ari diren misilei buruzko Nazioarteko Biltzarra dela-eta.

Espektakuluaren gizartearen ondorioak izango dira akasó. Gure etxeetako larre gero eta isolatuagoetan mundua kontenplatzen segitzen dugun animalia bakartiak ari gara bilakatzen. Kanpainak uzten badigu, asteburu osoa daukagu aurretik horretaz hausnartzeko, mundua, gure eztarrietan ez dadin berriro korapilatu. Aio, aio…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA