LOADING

Type to search

Nire komunetik

Nire komunetik 110429

Imanol Epelde 2011 Api 29

Ai horrela biziko bagina beti, Kattalin. Aurreko astean hiru egunetan joan behar izan genuen lanera eta aste honetan berriz, lautan. Horrelako lan asteak negoziatu beharko lirateke lan hitzarmenetan. Inor ez da geratu lan gutxiegi egin izanaren zentzazioarekin. Eta nekez aurkituko da langabeziaren aro honetan, ondasuna eta lana banatzeko modu hoberik.

Lanera ez joateko aitzakia edo arrazoia, beti bezala, santu-santek eman digute. Egun hauetan prozesioak asko izan dira gure herrietan, San Marko jaiak ospatu dituen herririk ere izan da, atzo San Prudentzioak izan genituen Araban eta Katalunian ere, aurreko larunbatean Sant Jordi eguna ospatu zuten liburu eta arrosak banatzen. Euskal Herrian ere egin beharko genuke horrelako zerbait, geure erara klaro. Liburuarekin batera herrian herriko produktu gastronomiko bat elkarri oparituz, esaterako. Irakurtzeko afizioa sortzeko ez baitute zertan bidelagun txarrak izan… gastronomiak eta fedeak!

Bazko igandeko elizetako kanpai joen oihartzuna isildu ezinik gabiltza oraindik aste hondar honetan. Salbatzailea urtero bai, baina inoiz berpiztea lortzen ez dena, euskal aberria da. Igande honetan ere bakoitza bere aberri partikularra ohoratzen saiatu zen. Ez dakit asmatuko litzatekeen aberriaren hiriburu nagusia adosten ere. Horregatik da zuzenagoa, akaso, aberri egunaz baino aberri egunez hitz egitea.

Inspirazio handiko astea izan da gainerakoan: ETAk inoizko letra jario luzeenenean bi komunikatu atera ditu hurrenez hurren eta enpresariei despedida gutunak idazten aritu da, literatura beltz merkeeneko txosten amaigabeak idatzi dituzte Espainiako Estatuaren abokatuak eta fiskalak Bilduren zerrenden aurka egiteko, eta folio guztiak eramateko txinga saio erakusgarria egin Auzitegi Gorenera, garai digital hauetan, artxibo bat erantsi eta klik batekin bidaltzea aski denean.

Asteroko errutinari jarraituz, berriz, aste honetan beste bi lagun espetxeratu dituzte, oraingoan salaketa anonimo batean oinarrituta. Batzuentzat, akaso, hori izango da prozesua oso ondo ez, izugarri ondo, uste baino hobeto joatea. Baina nik, aste honetan Gernikan herri antzerkiaren bidez oroitutako bonbardaketan bezala, ke eta garrek ez digute ezer ikusten uzten. Euskal Herrira etorri berri den Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ez du deskantsu handirik egiterik edukiko, sartuta gauden zulotik aterako bagara.

Zuloan sartu eta 300 metro lur azpiko tuneletan egin ostean atera zirenak Afganistango espetxe batetik ihes egin duten 500 lagunak dira. Talibanak omen. Baina zuloan eta aterabide gabeko tunelean dagoena herrialdea bera da. Gerrak amaierarik inoiz izango duen jakin ezinik. Baina ez dira horrela dauden bakarrak. Libiako tunelean ere ez da amaierako argirik ikusten, aste honetan Siriako armadaren tanke bat topatu dut egunero neure kafesnian eta ondorioz, herrialde horren kontrako neurriak hartzeko prest omen dira zenbait. Bitartean, munduari eskubideen inguruko lezioak ematen aritzen den AEBak noiz epaituko duten jakin nahian jarraituko dugu. Asten honetan Wikileaksek Guantanamon egiten dutenari buruz argitaratuak ez baitira haizeak eramatekoak. Orain 25 urte Txernobilgo ezbeharrak erauzitako partikula kutsakor eta hilgarri horiek denak bezala.

Ai, Kattalin! Eskerrak futbola daukagun deskonektatzeko. Batetik Champions Liguea, hanka joko ederreko baloi festa europarra eta bestetik, Espainiako liga, euskal taldeek azken partiduko azken minutura arte borrokatu beharko dutena, aspertzeko tarterik gabe. Deskonektatzeko handia da euskal txirrindularitza ere. Jonathan Castroviejok ezusteko handia eta ederra eman digu Romandiako Tourreko aitzin etapa irabazita. Eta Imanol Erviti nafarrak itzulia irabazi du, Errioxan, Euskal Herriko zortzigarren probintzian.

Bizikleta beharrean, ez dakigu SPra baina, tranbia hartuta joan dena, Aitzol Aramaio zine zuzendaria izan da, eta baita Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina ere. Eta apirileko azken aste honek eman du gehiagorako ere. Marokon atzo eginiko atentatua, dolarraren gainbehera etenik gabea, Apple eta Googlen azpijokoa erabiltzaileen mugimenduak zelatatzeko edo Pasaiko kanpo portuaren inguruko afera. Eta gehiago, ingalaterrako erret ezkontza… Notiziak asko baitira. Eta izango. Albiste jario etenik gabeko herria aukeratu genuelako bizitzeko. Hurrengoa maiatzean, lorailean, loreen hilean! Izan ondo!

Tags:
Previous Article
Next Article

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude