LOADING

Type to search

Nire komunetik

Nire komunetik 110415

Imanol Epelde 2011 Api 15

Astea irakurri egiten daiteke esku artean hartu eta usaindu, laztantzeaz batera. Horretan saiatzen naiz ni nire komunetik: zentzu guztiak kontuan hartuta astearen errepaso partikularra egiten. Horretarako entzuten ditut egunkariak eta irratiak oro, ikusten albistegi zenbait eta surfeatzen internet notizia bila. Notizia on bila esan nahi dut, nahiz eta berri on eta pozgarriak aurkitzea ez den erraza, Bilbon aparkatzeko tokia aurkitzea bezala.

Horregatik, albiste on eta pozgarriagoen faltan, kakoa, nondik begiratzen den jakitea dela dirudi, mundua kontenplatzeko zein talaia aukeratzen den alegia. Notizia txarrena ere txarragoa izan baitaiteke beti, notizia onena hobea izan daitekeen bezala. Txarra ontzen eta ona ikaragarritzen saiatzea dagokigu guri, hemen, astea goian bukatzeko.

Ez du jende gehiegik ukatuko Internet gero eta zentro komertzialago bihurtzen ari zaigula. Pentsa: aste honetan jakin dugu Zara arropa dendak bere webgunea euskarara ere ekarri duela. Interesa dutenek badakite gure posta eta sare sozialei erreparatuta, zein lagun eta harreman ditugun, zer-noiz-nola erosten dugun, zein musika atsegin eta zein mezu jaso eta erantzuten ditugun. Kasik, guk geure burua ezagutzen duguna baino hobeto ezagutzen gaituzte. Eta horrekin kezkatuta, zenbait blogari pasa den igandean elkartu ziren Tolosako Errotan blogsovietean, errotak uraren indarra nola, elkarlanarena baliatzeko.

Jendea eredu eta aukera berriak sortzen aritzea bada notizia ona, kasik, Itxakok eskubaloi liga hirugarrenez irabaztea bezain, eta Champions liga irabazteko bidean da. Korrika ere Donostiako azken helmugara bidean da Euskal Herriko herri gehienak zeharkatu ondoren, euskararen aldeko aldarriz, euskalakariak bildu eta hauspotzeko ahaleginean. Bildu baina, aurreko larunbatean Iruñeako Labriten ere bildu ziren batzuk; 3000tik gora lagun, Nafarroa zortziko handian ikusi eta entzutera, bertsolari txapelketako finalean. Txapeldun Julio Soto izan zen, eta irabazi, arratsalde batez izan bazen ere, bertsoak eta euskarak irabazi zuten… Nafarroako erresuman.

Hauteskunde hotsak gero eta oihartzun handiagoz heltzen ari diren honetan, konjugatzen utzi nahi ez dutena “Bildu” da, lupaz, mikroskopioz, satelitetik eta bertatik bertara zainduko omen dute / legez kanpoko taldeekin zerikusia duen inor aurkeztu ez dadin euren zerrendetan, eta aste honetan jakin dugunez, entzun ondo, ia 40.000 lagun dira hauteskundeetara aurkeztu ezin duten Euskal Herritarrak. Lasai ederrean presentatu diren arren, ustelkeria edo prebarikazio urbanistikoak bezalako legez kanpoko jarduerak egiteagatik zigortuak izan edo epaitzen ari direnak, Gurtel kasukoak adibide.

Apirilaren 14a, II. Errepublika aldarrikatu zenekoa oroitzeko eguna berriz, Gatzaren argazkiarekin esnatu zen. 31 urte behar izan dira horretarako, espetxetik ateratzeko alegia. Horrelako uneak gatzetan gorde beharko genituzke, ilusioak eternitatea irabaziko badu… inoiz. Bi preso askatu diren aste berean lau lagun atxilotu baitira eta inkomunikatu. Eragiketaren emaitza argia da: batzen baino kentzen darraigu oraindik Euskal Herrian.

Etengabe gehitu dutena Japoniako Fukushima zentral nuklearreko larrialdi maila da. Desastretik hilabete pasa ostean igo dute Txernobylgoaren parera, disgustuak pixkanaka-pixkanaka kontatu nahi izango balizkigute bezala. 40 kilometroko ingurunea hustu dute, itsasoko urak ez daude sushietarako, eta erradioaktibitatea mundu osora zabaltzen ari omen da, Afrikan gerrak bezala.

Egipton Mubarak eta bere bi seme atxilotu dituzte, Libiako gerra hasi bai baina bukatzeko itxurarik ez du, ez bada suz, ez bada errautsez. Boli Kostan aste honetan frogatu bezala.. gatazkak elkarrizketa bidez konpontzea ez baita gure lan estiloa. Ez eta Afrikako miseriatik eta gerretatik ihesi datozenei lekurik egitea ere, Europar Batasunak aste honetan Lampedusako etorkinekin zer egin erabaki duenean bezala. Etorkinei irekiko zaien ate bakarra bueltan eramango dituen hegazkinarena da. Baina ez pentsa, hegazkinak hutsik itzuliko direnik gero, nolabait ekarri behar dira Afrikako lur emankorretako aberastasunak, autoak eta Louvreak elikatzen jarraituko badugu.

Ekarri beharrik izan gabe etorriko dena asteburua da eta baita hurrengo asteko opor egunak ere. Aste Santuen laguntzaz, txintxoak izaten segitzeko miraria egiten segi dezagun. Zuek ez dakit baina nik behintzat ez daukat horren zaila. Saiatu gaitezen behintzat! Izan ondo!

Tags:
Previous Article
Next Article

1 iruzkin

  1. IWAN 2011-04-24

    mundiala!!

    Erantzun

Utzi iritzia

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude