Nire komunetik 110520

Imanol Epelde
0

Sunday. Bloody Sunday. Odoltsua izan zen pasa den igandea Palestinan, baina ez dio ereserkirik konposatu U2k, eta ez zaio zinemetarako pelikularik egingo. 1948ko Nakbaren urteurrena gogoratzeko milaka palestinar joan ziren Israelgo mugara. Erantzuna, beti bezain moderatua (izan zen): Israelek hamar lagun hil zituen Libanon, zortzi Sirian, Gazan bi eta bat Zisjordanian.

Nahiz eta gehiegitan ez bota telebistan, igande odoltsuen listan daude aste honetan ere Afganistan eta Pakistan. Injustizia horien isiltasuna ozendu besterik ez dute egin, orain gutxi Libiaren aurka gerra hasi zuten ingeles, frantses eta Ameriketako Estatu Batuarrek. Gaizkiaren ardatza non dagoen eurek aukeratzen dutelako non ezarri. Greenwicheko meridianoa bailitzan.

Isilarazitako gatazkak asko dira munduan. Isilarazitako jendea eta lurrak ere bai. Jende askorik enteratu gabe ospatu zuten esaterako baserritarrek igandean euren eguna, San Isidro eguna. Orain artoa eta babarruna landatzeko garaia heldu da. Negurako, udaberritik hasi behar baita prestatzen. Ahal izanez gero bai behintzat! Ezingo baitute horrelakorik gehiago egin, Guatemalan, igandean hil zituzten 27 nekazariek.

Horregatik, landatzen hasita, ez genuke babarrunekin bakarrik konformatu beharko. Maiatzaren 15eko deialdiaren harira, protestaren, erresuminaren, beste amets baten hazia erein nahi izan dute batzuk. Udaberrian egonda ere, mundua, negu-gorri eterno batek hartua duela salatzeko. Sistema politikoa aldatzea eskatzen du mugimendu sortu berriak. Ez gara zoriontsu marka eta publizitatez beteriko zentro komertzialetan, gezurra da banku eta kutxen karidadea, eta ez da demokratikoa, mundua, Wall Streeteko interes finantziarioek kudeatzea, dirua-bihotz. Hemen agintzen duena Nazio Batuen Erakunde urdin argiak sortutako Nazioarteko Diru Funtsa baita: orain urte gutxira arte, Rodrigo Ratoren gidaritzapean, gauzak ondo zihoazela esan, eta azkenean dena burbuila, dena gezur bilakatu zuen erakundea.

Horregatik, aste honetan 3.000 dolarreko hoteletan gauak pasatzen eta hegazkin pribatuetan bidaiatzen zuen Dominique Strauss-Kahn —sozialista— atxilotu dutenean, pentsatu nuen lehen gauza izan zen, bazela garaia, munduko diktadurak finantzatu, bankuak erreskatatu eta herriak zorpetzen dituen sistemaren buruetako bat epaitzeko. Inuzente tonto-Pilatus melontzioa ni, akusazio horiengatik Strauss-Kahn epailearen aurrera eramango zutela sinestearren! Larria da leporatzen zaiona, emakume bat bortxatzen saiatu izana. Baina mundua da etenik gabe, behin eta berriz, atzetik eta aurretik, erakunde horrek pietaterik gabe larrutzen duen lehen eta azken biktima.

Horrela sortzen dira M11k lehen, eta M15ak orain. Eta politikari guztiek adierazi dute… ulertzen dutela kalera atera den jendearen haserrea. Hauteskunde kanpainak behar baitira politikariek jendea konprenitzeko, gero, 4 urtez ez-ulertuarena egiten segitzekotan.

Asko dira egin daitezkeen galderak, erantzunak ederki asko badakizkigu ere gehienetan. Bestela, badakizue, beti geratuko zaigu Europa zalantzak argitzeko… “gorako jotzeko”… edo erantzun behin betiko eta definitiboa emateko. Orain, Europari esker, badakigu adibidez, hemengoa dela txakolina!

Bai lagunok. Azkenean Europak esan behar izan digu txakolina hemengoa dela. Martxa honetan, Europak esan beharko digu, euskara, txotxa eta harri jasotzeko harri esferikoa ere hemengoak direla. Hemengoa esatean, bistan da, EAEkoa esan nahi da, Lapurdiko kostaldeko mahatsak emandakoa ez baita txakolina sekula izango. Halere, Txakolina hitza Europako Batasuneko marka gisa erregistratzeko eskaera atzera bota du Luxenburgoko Auzitegiak. Irabazita ere batzuetan, galdu egin baitaiteke.

Itxakori gertatu zitzaion hori pasa den larunbatean, finaleko azken partida irabazita galdu baitzuen Txapeldunen Liga. Baina, galtzeko batere margenik gabe dabiltzanak Erreala eta Osasuna dira. Hauena bai izan dela aste negua, luzea, eta oraindik egun bat falta da partidarako, askorentzat hauteskunde eguna baino garrantzitsuagoa den gauerako. Hauteskunde Batzordeak futbol partidak jokatzea debekatzen ez badu behintzat, hausnarrerako baino beste zerbaitetarako erabiliko baitu larunbata jendeak. Hurrengo astean berriz, udaletxe eta aldundi osaketen puzzle eta buruhausgarrietara jolastuko dugu. Futbol liga bukatuta ere ez zaigu entretenimendurik faltako… Hurrengo astera arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA