Nire komunetik 110624

Imanol Epelde
0

Sua. Atzo gauean herri gehienetan piztu genuen sua, eguzkia irudikatzen duen sua. Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena eguzkiari eskaini genion honela, eguzkiaren aroa edo uda heldu dela adieraziz. Eta hori ospatu egin genuen, eguzkia funtsezkoa baita bizitzarako. Eguzkia ohoratzen jarraitu beharra baitago, argi ematen jarraituko badu.

Horregatik aritu ginen kantuan eta dantzan eguzkiaren jai handian, suaren bueltan. Edo miraz bestela. Suaren eta gauaren magia espektakulua baita edonoren begietan. Espektakulua bai, gure mundu arrano honen aktualitatea bezala. Munduan, normalean, ez baita suak pizten ibili beharrik izaten. Sobera ere, nahiko su izaten baita bazterretan.

Suak itzaltzeko onena beste su bat piztea izaten da batzuetan. Suari su ematea alegia. Baina horrek, ondo ulertuko duzuen bezala, baditu bere arriskuak ere. Su bakarra zegoen tokian, bi su izatera heldu baikaitezke. Bat, bi eta akaso su gehiagoko gerra da Afganistanen aliatuek liatu duten argi festa. Aste honetan, Barack Obamak jakinarazi du soldaduak bertatik aterako dituela. Ipurdian lastoa duenak suari beldur izaten diolako. Eta guk ezer ulertu gabe jarraitzen dugu: dena da ilun, dena ke. Eta gauza jakina da, kerik nahi ez duenak, ez duela surik piztu behar izaten. Eta orain horrelaxe gaude. Ketan. Gerrak eta suak eurek nahi dituztenean hasten dituzte, baina ez da erraza izaten gero su hori itzaltzea. Ez Afganistanen, ez Libian, eta ez aste honetan ikusi dugun bezala… Belfasten.

Ondo dakizue zuek, norbait haserre dagoenean sutan dagoela esaten da. Eta sutan, sutan dago jende asko eta asko, haserretuta edo su-minduta daudelako. Bestela ez zen hainbeste jende kalera aterako pasa den igandean protesta egitera, Euroaren itunaren aurka, eta merkantzia hutsa ez garela aldarrikatzera. Alegia, sistema honek hobetzeko asko eta asko duela adieraztera. Oraingoz baina, ez da gertatu berroak edo sasiak su hartu eta azeriak laster egitea.

Izan ere, Espainiako Gobernuaren kongresuan lan itunen erreformak aurrera egin du. Orain, erabaki eskumen gehiago izango dute gure herriko enpresariek. Edo hala dirudi behintzat. Denborak esango du. Sutan jartzean probatzen baita nolakoa den eltzea. Baina badirudi orain arte bezala jarraituko dugula gehienok: batek txotxak bildu, besteak sua egin, besteak eltzea jarri, besteak pixka bat probatu eta besteak…ba… den-dena janez.

Egia da bestalde, su gabeko etxea, odolik gabeko gorputzaren parekoa dela. Baina andre jaunok, suarekin jolasa, arrisku demasa ere bada. Arraunarekin gertatzen da hori ia beti. Polemikarik eta surik gabeko denboraldirik ez da izaten. Eta aurtengoak hasieratik ekin dio horrelaxe, Bordeleko urak sutan.

Antzekoa joan zen Nafarroako Gobernua osatzeko, UPN eta PSNk eginiko prentsaurrekoa ere. Abortuaren kontua zela-eta, bakoitzak bere eltzeari eman zion su. Jakingo ez balute bezala, askotan, ilinti txiki bat bat aski izaten dela su handia pizteko. Beste batzuk, akaso, maitasuna ikusiko dute bi alderdien artean, maitasuna bera ere sua baita. Baina su denetan su Nafarroako lehendakari berria izan zen, atzo ez baitzen kasualitatez laranjaz jantzita azaldu.

Gipuzkoan berriz, diputazio berrituaren zeruak hartu zuen su. Martin Garitanok aginte makila hartzean, sabaiko aingeruek pieza gogoangarri bat jo zutelako tronpetarekin. Batek kaixo eta besteak agur. Garaipenaren zuzia eskutan zuela, ke guztiak oposizioari boteaz, adio esan baitu aste honetan Migel Sanzek.

Bai. Su batzuk ez dira berehalakoan itzaliko. Politikaren garrek elikatzen dituzten suak batez ere. Aurore Martinen balentria apartekoa izan da, surik hartu ez duten sasitik atera eta esperantzaren sua piztu nahi izan baitu iparraldeko plazan. Eta su hori hauspotzeko, herri harresia egitera joan dira bere lagun eta herritarrak. Etxeko sua, etxeko hautsekin emendatu behar baita.

Zalantzarik ez. Suarena izan da aste hau. Kontuz ibili beharrekoa. Suak ez baitu legerik ezagutzen, eta ez du, ez konstituzioa ez konstituzionala errespetatzen. Ekaina, ekiaren gaina bizi dugulako izango da, eki edo eguzki gorena alegia. Ederra. Baina ondorengo egunetan ere badaezpada, krema ondo emanda ateratzea komeni. Asteburu sutsua denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA