Nire komunetik 110701

Imanol Epelde
0

Eguzkia ohoratzen amaitu genuen aurreko astea, San Juan bezperako suak protagonista zirela. Baina hainbeste ohoratu, loriatu eta beneratu genuen eguzkia, hurrengo egunetan ez genuela beste protagonistarik izan. Pasa den igande-astelehenean bezalako berorik ez du egin azken 100 urteetan, ekainean behintzat. Batzuk horri deitzen diote eguraldi oona eta mundiala eta ederra egitea. Baina beste batzuk, herriko festetako bestondoa pasatzeko, itzal bila eman genituen bi egun horiek. Haizerik ez zebilen batere, eta zebilena errea zen, haizerrea: haize bero eta lehorra. Horregatik hartu genuen gustu handiz asteartean heldutako haize fresko-freskoa.

Baina haize hori ez zen izan ederra, mendebaldetik zetorrelako bakarrik. Madriletik ere heldu baitzen haize hori. Donostia Europako kultur hiriburu izendatu zuten. Gustura hartu genuen denok albistea. Bai izendapenaren alde haize ematen aritu direnek eta bai kultura letra larritan baino letra xumean ulertzen dutenek ere. Espainiako zenbait hiriburuk eta jendek izan ezik, jakina. Haiek haize kutsatu eta nuklearrak bidali zituzten, izendapena ezin onartuta, inpotentzia eta amorruz erreta… Funtsean, ez da guk hala nahi dugulako bakarrik, baina Donostia ez da sekula Espainiako ezeren hiriburu izango. Ez orain behintzat. Eta bai aldiz Europako. Europako. Kultur hiriburu.

Handia izan zen izendapena, bai. Handiagoa Donostiako alkateak euskaraz egin zituen hitzak. Eta ez euskaraz egin zuelako bakarrik, esan zuenarengatik ere bai: euskara bezalako Europako hizkuntza gutxituen alde lan egin behar zela adierazi baitzuen. Ez baikara nor hizkuntzarik gabe. Alde ederreko haize geriza izango genuke diskurtso bera balute goi kargu gehiagok, bai eta Donostiako alkate ohiak ere, aste honetan adina egin izan balu euskaraz jendaurrean, karguan izan den artean.

Haize azukrezkoa, deliziosoa heldu zitzaigun Mauletik ere. Battittu Coyos mauletarra euskaltzain oso izendatzeko ekitaldi ofiziala egin ondoren, eurek ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatuz flash muba grabatu baitzuten Mauleko plazan… manexek.

Haize hotza eta burdinezkoa berriz, beti bezala Galiziatik datorkigu. Galizieraz argitaratzen zen egunkari bakarrik, Galicia Hoxek azken alea aste honetan atera baitu. Notizia txarra denontzat, hizkuntza batek zerbait galtzean, denok galtzen dugulako zerbait. Baina Espainiako Auzitegi Nazionaletik ere, haizearen begitik alegia, heldu zaigu haize hotz eta altzairuzkorik ere. Eta haize zurrunbilotik ateratzeko esperoan jarraituko dugu, Bateragune edo ezker abertzaleko zenbait kideren aurkako epaiketa hasi berritan.

Harrigarria bestalde, Aurore Martinek beste astebete atxilotu gabe pasa izana. Pasa den larunbatean egin zen bere aldeko manifestazioa Baionan. Eta badirudi aldeko haizeak jotzen duela oraingoz han. Baina manifestazio eta jai jendetsu eta koloretsuenak, haizeari koloreak ateratzeko eta ikusteko modukoak, ekainaren 28an egin ziren, Sexu Askapenaren Aldeko Nazioarteko Egunaren harira.

Erniyon baino haize gehiago zerabilzkien buruan aste honetan ama eta anaia hil zituen eta arreba eta aita ere hil asmo zituen gazte zuhurrak. Ero eta zuhur bai, biak izan behar derrigor, egin zuena egin zuen bezala egiteko. 18 urte betetzeko bezperan, odol hotzean.

Europak berriz haizezko dorreak eraikitzen jarraitzen du. Pertsonen zirkulazio libreari mugak jarriko baitizkio EBk irailetik aurrera. Orain arte jarri izan ez balira bezala. Horrez gain, haize hotza jatera behartuko ditu Europak Greziarrak. Airerik hartu ezinik omen zeuden eta haize pixka bat, oxigeno pixka bat eman die horrela, baina noiz arte iraungo dien arnasak edo globoak bezala noiz hustuko den, denborak esango du. Zalantzarik ez dagoen gauza bakarra da krisia zeintzuk ordainduko duten.

Bestelakoan, ba ia betiko albisteak: Afganistanen gerrak ez du etenik, ElCairon protestak indartu dira berriz eta zentral nuklearrak berriz ere arriskuan daude, oraingoan AEBtan, Fukushimako lezioa ahaztu bagenu bezala. Bizkaiko diputatua ere hirugarrenez izango da berbera: Jose Luis Bilbao. Aldatu direnak Iruñeako peñen pankartak dira, aurten iazko haize beltzak baztertuta, betiko kolorea berreskuratu baitute. Hiru euskal kutxek berriz, kutxa bank sortu dute. Eta hori ere bada aldaketa. Bai eta River Plate Argentinako futbol taldearena ere, ehun eta piko urteren ondoren lehengo maila galdu baitu, haize emaile asko izanagatik inguruan.

Kontua da uztailean sartu garela, uzta biltzeko hilean, edo garagarrilean, gari-garagarren hilean eta promesa handiekin datorkigun uda heldu zaigula. Asteburu honetan Tourra hasiko da, EHZ festibala ere bai, buruz buruko pilota finala, San Ferminak hortxe dira. Aste honetan baimendu dutenez, udak frenoak askatuta 120 kilometro orduko abiadura hartuko du gaurtik. Zaindu beraz bizitzaren errepide seinaleak eta besarkada bat denoi, komun partikular honetatik, astero, haizea ikusten saiatu den honen partetik. Uda ona igaro denok!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA