Azpiegituretan aldaketa handiak izan dira azken urteetan, bizitzeko moduan ere bai. Baina ez dirudi kulturalki (eta humanoki) asko aurreratu dugunik azken 30-40 urteetan. (Lasai asko erantsi genezake beste zero bat zenbaki horietan…) Gazteak lo dauzkagu, baina ez ohea maite dutelako. Edo ez horregatik bakarrik behintzat. Guk eduki nahi ditugu horrela, eta neurri batean horrela eduki gaituzte gu ere gazte eta eder eta sendo ginelarik. Mundu berri bat amestea, amets ezinezkoa zela sinestarazi eta mundu ikustezinak eraikitzeari utzita, gaurko errealitatea onartzera errenditu gintuzten. Eta horrela ez dago aurrera egingo duen herririk.
Egingo al dugu izeneko jardunaldietan izan nintzen orain aste batzuk. Bertako berri eman dute dagoeneko Luistxo Fernandezek eta Gorka Juliok. Nik aste honetako Info7ko kolaborazioan, Domingo Comas soziologoak eman zuen hitzaldian erreparatu eta sakondu nahi izan dut. Uste dudalako planteatutako galdera interesgarri askori eman ziola erantzuna. Kolaborazioa entzuteko aukera duzue Info7ren webgunean.
2 Iruzkin
Ez nago ados. Kulturalki (eta humanoki) asko aurreratu dugu azken 30-40 urteetan. Internet tresna kultural ikaragarria da. Ez zen esistitzen duela 30 urte nik 14 urte nituenean. Humanoki ere, adibide bat jartzearren (baina neure ustez adibide inportante bat), heteronormatik kanpoko bizi-ereduen bisibilitatean. Egoera optimo batzuetatik urrun gaude, baina aurreratu dugu.
Horregatik al gaude kolapsora doan gizarte sistema batean aurrean? Kulturalki eta humanoki asko aurreratu dugulako? Begira ekologia, energia kontsumoa, munduko hizkuntz eta kulturen egoera… Azpiegituretan aurreratu da (internet, tren ultra azkar eta ederretan, armetan…), baina ez horien erabileran. Ez dut uste.
Horrek ez du esan nahi, dena gaizki egin denik. Eta arrazoi, asko aurreratu da akaso bizi ereduetan. Ezin uka hori. Uste dut halere, gehiago dagoela egiteko. Eta hori gazteek egin dezakete neurri batean, (Tunisian, Egipton egin bezala), mundu berriak sortzen utziz. Utzi egin behar horretarako. Ezin ditugu baldintzatu eten gabe.