Gurutziltzatu nahi duten Gurutz

Imanol Epelde
0

Zaila da Espainiako Audientzia Nazionalean jokatzea. Real Madrilen aurka lau jokalarirekin aritzea bezala. Bernabeun. Horixe gertatu da Gurutz Agirresaroberen aurkako epaiketan ere. Fiskalaz gainera, akusazio partikularrak hiru ziren: Familiarena (Gipuzkoako UPyDko zerrendaburua), Andoaingo Udalarena (zerrendaburu horren anaia) eta Victimas del Terrorismorena. Epaileak, noski, Audientzia nazionalekoak. Eta Gurutzen abokatuak berak bakarrik egin behar izan ditu defentsa, eraso eta joko antolaketa lanak. Ondo aritu da Jose Mari Elosua, irabaztea oso-oso zaila dela jakin arren aurrez.
48 urteko espetxe zigorra eskatu dute Gurutzentzako. 48 urte joder! Ertzaintzaren eskutan tratu txarrak salatzea nahikoa argudio badelako ETAkidetzat jotzeko, Joseba Pagazaortundua berak hil zuela diotelako. Baina Gurutzek ukatu egin ditu akusazio guztiak. Eta abokatuak ekarritako perituek zalantzan jarri dute hilketa gunean aurkitutako ADN frogen fidagarritasuna, ez delako aski kantitate, ez duelako aski kalitate.
Atzo, astelehena, akusazio guztiek eta fiskalak azken ondorioak atera zituzten. Eta gaur, asteartea, abokatuak izango du hitza. Berriz ere argituko du ez dagoela nahikoa datu eta segurtasun Gurutz zigortzeko. Ulertzekoa da Pagazatarren mina, baina errugabe bat ari dira zigortu nahian. Espainiako Audientzia Nazionalean.
Noizbait berriz egin beharko dira epaiketa hauek denak. Biolentzia judizialak inoiz bakeari, justiziari eta elkarbizitzari, lekurik egingo badio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA