Asteari errepasoa: nire komunetik, nire ohetik bihurtu zenekoa

Imanol Epelde
0

Bazetorren, badator eta hemen da. Hemen da azkenean Siberiako munstro zuri galaia, korroskada bakoitzarekin 3-4 gradu jaitsarazten dituen basapiztia ukraniarra. Hemen da bai, eta bagenekien, abisatuta geunden bazetorrela. Aste honetan egunero gogorarazi digute meteorologia zerbitzuek eta piztu dizkigute semaforo koloreko alarma guztiak benetako hotzak eta benetako negua… bazetozela abisatzeko.

Hainbeste abisu, alarma eta aholkurekin hotzaldia heldu baino lehenago hoztu gara batzuk. Eta aste hau ohetik ikusi behar izan dugu azkenean. Aste honetan beraz, komunak utzita, gure ohetik kontenplatu behar izan dugu mundua.. koltxoi guztien gainetik eta sobrekama eta manta guztien azpitik.

Manta guztien azpitik.. eta gradu guztien azpitik. Zeropetik gabiltza asteazken honetatik, hain justu, Arkauten ETAk hildako Ertzainen omenez piztutako sua itzali duten egunetik bertatik. Bai, heldu dira izotzak, eta ordutik, arropak soberan dituzten bakarrak, Leizaola Fundazioak eginiko bideoetako protagonistak baino ez dira. Hotz handirik ez, eta lotsa handirik ere ez. Akaso, bazekitelako sortuko zuten polemika beroa izango zela. Polemikak ez baitu izerdirik behar, ez behintzat Nadalek eta Djokovicek Australiako Irekian aste honetan jokatutako partidan behar izan duten bezainbeste.

Baina ez da izan bideo negargarri horrena, aste honetan polemika sexuala sortu duen irudi biluzi bakarra. Txalaparta liburu argitaletxeari Sexual Herria izeneko liburuaren azala bere sare sozialetik kentzeko eskatu, edo hobe esan, exijitu dio Facebookek. Argazkian gorputz ederreko bi emakume ageri dira baserritarrez, erdi jantzita, jolas lizunetarako pronto. Euskal Herriko urte osoko negu sexualari desafioa eginez bezala.

Baina, ai, Facebooken plazan Facebookek jartzen ditu legeak, Zuckerbergek alegia, eta ez beste inork. Facebookrazia da dagoena. Edo hartzen duzu edo kanpora geratzen zara. Hori bai, aste honetatik aurrera bere akzio batzuk ere erosi zenitzake sikiera burtsan.

Pribatua da Facebook bai. Ez dirudi.. baina hala da. Edozein zentro komertzial bezala edo… edo twitter bezala. Eta hara: aste hau Twitterrek hartutako erabaki baten aurkako protestarekin hasi genuen. Twitterrek adierazi baitzuen estatuen legedien araberako kontrol neurriak jarriko dituela aurrerantzean. Horregatik egin zuen protesta jende askok larunbatean, twitter blackout ekimenari oihartzuna emanez. Eta egun batez, egun bakar batez izan bazen ere, balea baten azpian geratu ziren twitterren txoriak eta ez alderantziz. Bai, hori dena horrela izan da, baina bene-benetan aste honetan hegaldatu gabe eta betirako lurrean geratu diren txoriak… Spainairrekoak izan dira.

Nola liteke bi mila langiletik gora dituen enpresa batek egun batetik bestera ixtea ateak! Ekonomia ulertzen dutenak gutxi izango dira baina hori uler dezaketenak gutxiago. Gainera, ez dira izan Spainairrekoak hegan egin ezin izan duten hegazkin bakarrak. Iberiako langileek ere denbora daramate protestan eta aste honetan ere egin dituzte lanuzteak. Zer gertatuko den? To be continued edo hurrengo entrega, datorren astean izango dela esan beharko dugu…

Baina ipuin izan zitekeen lan protesta baten kontakizuna, nobela bihurtzen ari dena, edo hobe esan, trilogia bihurtzeko bidean dena.. Bilboko Metroko langileak egiten ari direna da. Aste honetan ere batzartu dira zuzendaritzarekin, baina akordiorik ez dute lortu inondik inora. Hau lehentxeago ere aipatu dut baina, kasu honetan ere, To be continued edo hurrengo entrega, datorren astean izango dela esan beharko dugu…

Halere, kexak aipatzen hasita, denok hasi beharko dugu protestarako prestatzen Raxoik hori baino gutxiago ez duelako espero. Lan erreformarekin greba bat zetorkiola esan baitzien, espainolez kozkorrik ulertzen ez zuten.. finlandiarrei. Orain gainera, abortuaren legean aldaketak egin nahi dituzte, kulturan ere bai, eta nola ez, hezkuntzan ere badatoz aldaketak, besteak beste hiritar zintzo eta konstituzionalak izaten segi dezagun lan merkatuan… Itxoin segundo bat. Lan merkatua esan dut? Aste honetako langabezia datu berriak ezagututa, existitzen ote da horrelakorik oraindik? Hori bai, lan merkatua izan edo ez izan, ikasi dezagula txiki-txikitatik ingelesa perfekto. Hori bai dela ezinbesteko. Ikasi dezatela bai, umeek hizkuntza hori ganoraz.. ze, Espainiak ingelesez dakien presidente bat izaterako pasako dira… gure lagun on batek dioen bezala, hanbuste urte…

Frantzian berriz gainean dituzte hauteskundeak eta emozionante dago kontua. Sarkozy lan lege zurrun eta BEZ zerga zorrotzagoak ezartzea pentsatzen, Carla Bruni emaztea ustelkeria kasu batean zipriztinduta…, alderdi sozialistako Hollande hautagaia kroketa bat bezala irinetan bildua… enfin, betiko kontu politikoak hauteskunde kanpaina baten atarian!

Bilduta eta indartuta dabilena Bertsozale Elkartea da. 25 urte bete ditu aurten eta horixe zelebratu zuten larunbateko Bertso egunean, Ituren Ihauteriek hartu dute aste honetan eta gainerako herri guztiak laster dira mozorropean, zomorropean. Tabakaleran kode irekiko praktika kulturalen manifestua idatzi dute, Book sprint izeneko ekimenean… eta gehiago, ekimen denak beharko dira herri hau otsail hasiera honetan beroan sartzeko..

Badakizue beraz, zopa bero ugari prestatu, kalera irtenez gero, atera zaitezte gatz sorta batekin poltsikoan… eta inportanteena, arrimatu… arrimatu alboarengana ohi baino gehiago. Oraingoan justifikatuta dago-ta gerturatze mugimendua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA