Aste zuri-gorri honi begiratua, ene komunetik

Imanol Epelde
0

Ez dakite nola sortu zen. Astelehena zen, arratsaldeko 6ak inguruan, suak, Zarrakazteluko granja bat hartu zuenean. Suhiltzaileen bi ibilgailu gerturatu ziren bertara. Baina beranduegi zen ezertarako. Iraultza hasita zegoen ordurako. Eta ez zuen atzera bueltarik. George Orwellen Rebelión en la granja liburua gogoan, kiskalita hil ziren, edo hobe esan, hil zituzten… 2.000 txerri.

Bai, ez dago ukatzerik. Herrialde arabiarretako erreboltak animalien erreinura iritsi dira. Oilo, asto eta ahateek, Benjamin zaldiarekin batera, txerrien tiraniarekin amaitu nahi izan dute. Eta ustez… denak hil dituzte erreta. Berehala iritsi dira erreakzioak. Nazio eta Animalia Batuen Erakundeak, genozidioa bezalako hitz gogor eta polemikoak erabili ditu gertakariak azaltzeko. Gertakariak salatzeko.

Baina oraindik, inork ez du hartu beregain etxaldearen aurkako ekintza. Poliziak hipotesia guztiak zabalik dituela adierazi du, granjako bizi baldintzak gogorrak zirela jakitun, ez dute ukatzen txerriak kolektiboki suizidatu izana. Atentatua Alkaedaren zelula batek egina ere izan omen daiteke, edo Nafarroa komandoak bestela.

Hipotesi guztiak zabalik. Bai, halaxe izan nahi dituzte batzuk, 8 urteren ostean ere, Madrilgo martxoaren 11ko atentatuak argitzeko. Aste honetan oroitu dira atentatu hartan hil zituztenak. Baina oroimena ezin berdina izan nonbait, eta batzuk eta besteek sakabanatuta gogoratu eta salatu nahi izan dituzte hildakoak. Negar ez baitugu denok berdin egiten, negar ez baitugu denok berdin egin nahi. Urrutiko malkoak hamalau, gerturatu eta lau.

Ez da negarretan zapirik busti aste honetan Brasilen egin dutenarengatik ere. Eta hori, kasu honetan bai, benetako genozidio baten aurrean gaudela! Ehunaka urteetan Brasilgo Amazonian bizi izan den Kayapó herri indigena, armez eta indarrez atera du poliziak. Zergatik eta 400.000 hektarea baso urtegi bihurtu nahi dituelako Belo Monte enpresak. Hala ere, arretak, fokuak eta titularrak AEBtako errepublikanoen barne hauteskundeetan jartzen dizkigute, jakinda, flotadorerik gabe ari garela igerian, gu ere itoko gaituen odol, petrolio eta asfaltozko laba itsasoetan.

Gogoratu bestela nola hasi genuen astea. Orain urtebete, itsasoak tsunami batez erantzun zituen gure farfaila harroputzak. Eta aste honetan, Fukushima gogoratu behar izan dugu, Garoñako zentrala ixteko eskatuz. Ez baitago kontsumitzen dugun energia guztia sortzerik zentral nuklearrekin ez bada, petrolioa eta gasa lortzeko gerrekin ez bada, gaur bertan baieztatu digutenez, armak eta gerrak finantzatzen dituzten banku eta estatuekin ez bada. Mundua infernu bilakatuz, Afganistanen bezala.

Izan ere, Afganistan notizia izan da aste honetan ere. Soldadu estatu batuar batek 16 zibil hil omen ditu. Eta notizia bihurtu digute. Gainerako soldaduek zibilik hilko ez balute bezala. Iraken, Libian, edo AEBk muturra sartzen duten tokietan zibilak hilko ez balituzte bezala. Errurik gabeko herritarrak hiltzea burua joaten zaien soldadu bakanen ekintzak bailiran.

Burua joan baino zerbait gehiago egingo zitzaion Amaia Azkue hil zuenari ere. Gazte baten aurkako epaiketa aste honetan hasi da, Amaia ustez berak hil zuelako. Justizia eskatzen da honelakoetan, eta bere balioa urtetan neurtzen. Kontua da epaiketa hasi zen egun berean jakin genuela, Irunen beste emakume bat bortxatu zutela. Eta justizia eskatuko dugu berriz, zigorra eskatu nahi dugunean. Jakinda tipexak alferrik direla gure biografietan. Idazten dena edo idazten digutena, markatuta geratzen baita. Betirako.

Baina andere-jaunok, ez zaigu besterik geratzen: mundu hobea lortzeko lan eta amets egiten jarraitzea. “Al amanecer seguir soñando”, Doctor Deseok aste honetan argitaratu duen diskoaren izenburuak dioen bezala. Tira, orain akaso, egunsentiak esna harrapatuko gaitu berriz, gaur Bilboko ospakizunetan asko harrapatuko zituen bezala. Izan ere, tabernak beranduago ixteko baimena eman du aste honetan Eusko Jaurlaritzak. Horixe izango da krisiak utzitako ondorio on bakarrenetakoa. Hori eta premiak behartuta, ideiak zorrozteko sortzen den gaitasuna. Adibide argiena aste honetan ikusi dugu Gasteizeko kaleetan: Euskal Herrian egindako 3 gurpileko bizikleta. 3 hankek ez baitute herrenik egiten inoiz. Ederra oso, baina nik aukeran nahiago hegan egitea esaterako… esaterako Tortolikan.

Aste honetan jakin dugu 40 urte bete dituztela aurten gure ume garaiak abestiz eta abenturaz edertu zituzten pailazoek: Txirri, Mirri eta Txiribitonek. 50 urte bete eta beti bezain ume, beti bezain zorrotz jarraitzen duena Mafalda da. Aterako luke Mafaldak txisterik Amaiurko gerlari parlamentarioak babes eske joan direla jakingo balu, nora eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, talde parlamentarioa eman ez diotelako. Edo aterako lioke barrerik negarrari, euskarari gorazarre egiten diotela jakingo balu non eta Madrilen.

Etxeparek burua jasoko balu, eta ikusiko bere izena darman institutua nola darabilten, esango luke berak ez ziela kanpokoei eskatzen ezer, gutxiago gezurrezko laudoriorik. Etxekoak zituela berak buruan, etxekoekin zegoela bera miraz, inor saiatzen ez zelako bere lenguage propiaren faboretan euskaraz zenbait obra egitera eta eskributan emaitera.

Eta banoa, Manu. Baina ez Athletic zaleak zoriondu gabe. Espainiako futbol klubek haziendari zor dizkioten 752 milioi euroak garaipen golekin ahaztea ariketa zaila, oso zaila izan arren. Muxu zuri-gorria denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA