Komentatua dut lehenago. Makrobiotikari buruzko jardunaldi batean izan naiz orain egun gutxi AEBtan. Konferentzia pijoa izan da oso. Jende aberatsarentzat egina, leku pijo batean, jatordu pijo eta multikoloredunekin. Ederra eta zaindua oso. Baina mugatua. Osasuna gauza serioegia da dirua dutenentzat bakarrik izateko. Lehengo inpresioa hori.
Bigarren irudipena izan da makrobiotikaz hitz egiten dutela eurena izango balitz bezala. Kushi Institutek antolatu zuen konferentzia, eta bazirudien Michio Kushirena* eta Institutuarena zela makrobiotika. Makrobiotika milaka urtetako Ekialdeko herrien jakintza denean. Jakintza hori komertzializatu nahian dabiltzala dirudi, American Way betean, hemen denak baitu dolar bat barruan, baita kalabazinak ere.
Nire ingeles herrenean ulertu ahal izan dudan neurrian, hitzaldiak argigarriak izan dira oso, eta hemen laburtuta ekarri dizkizuet, denontzat izan daitezkeelakoan interesgarri:
(argazkian ageri da Michio Kushi hitzaldia ematen. Debekatuta zegoen argazkiak ateratzea. Baina blog honetako irakurleengatik, bronka eder bat eta Samsunga arriskatu nituen)
John Kazinskiren hitzaldia: 8 estrategia osasun ona izateko
Makrobiotika ez da janaria bakarrik. Bizitzan oreka behar da. Oreka da giltza. Eta osasunerako 8 estrategia aipatu zituen, aurreneko bostak dira oinarrizko, gainerakoak behar dira aurrekoek huts egingo balute:
- Egunero jaten denak garrantzia handia du. Jaten duguna gara.
- Bizitza estiloa. Loa, atsedenea, ingurua (fisikoa eta lagunartekoa), bizitzarekiko jarrera eta abar.
- Etxeko sendagaiak. Desoreka txikiak orekatzeko balio dezaketenak. Kuzu tea, azuki tea, umeboshi haranak eta horrelakoak
- Energia ariketak. Yoga, chikunga, meditazioa, taichia…
- Gorputza lantzeko ariketak. Kirol kontuak batez ere.
- Buru terapia bereziak: terapia sikologikoak, akupuntura…
- Belar, mineral edo animaliatik eratorritako suplemento eta bitaminak. Michael Tierraren aipatu zuen hemen. Baita webgune hau ere.
- Medikuntza garaikidea. Emergentzietarako erabili behar genukeena. Alternatiboa deitu zion berak.
Virginia Harper: Elikadurak badu garrantzia
Egun hauetan nire gidari eta lagun handi egin den Virginiak, elikaduraren garrantziaz hitz egin zuen liseriketa arazoak gainditzeko. Eta oinarrizko pausu batzuk proposatu:
- gutxitu mukosa sortzen duten janariak (esnekiak batez ere)
- oxigenoa emango diguten janariak gehitu (berdurak, haragia gutxitu)
- 3 Rak: Remineralize (algekin eta…), Rebacterice (misoarekin esaterako), Reencime (txukrutak eta abar)
- Baztertu azukre findua, eta azukre hori izan dezakeen elikagai oro
- Eta laugarren R bat: Rehydrate
Martha Cottrel: Enjoy ez da happy
Martha Cottrel medikuak bere bizitzako pasarte esanguratsuenak kontatu zizkigun. 86 urte ditu eta arintasun eta bizitasun harrigarriz hitz egin zuen. Ekialdeko filosofiatik hartuta aipatu zituen ondorengo baldintzak beharrezkoak direla osasuntsu egoteko. Osasuna ez baita gaisotasun eza bakarrik.
- Energia amaigabea izatea beti, nekaturik sentitu beharrean sarri
- Apetitu handia (eta ez jateko bakarrik,baita sexuala ere)
- Lo sakona
- Memoria ona
- Burua bakean izatea
- Jarrera aktiboa eta alaia izatea
- Bizitzarekiko Eskertza eta mira amaigabea.
William Spear: Gure barruko Feng Shuia
William Spearrek Feng Shuiaz hitz egin zuen, baina barnekoaz. Insistitu zuen ez dela aurkitu behar norbera ondo egotea bakarrik, ingurukoak ere izan behar direla kontuan. Aipatu zituen gurasoak. Eurek eman ziguten bizitza, eurengatik gaude hemen. Ahal zuten ondoena egin zuten dena. Aipatu zuen dirua. Zortedunak garela esanez. Familia dugu, ez dugu katastroferik izan. Aipatu zuen filantropia ere. Argi izan behar dugula esanez guretzat zer den inportanteena. Zer nahi dugun. Denbora baita daukagun jabetza garrantzitsuena. Zer nahi dugu. Gure barruko umeaz ere hitz egin zuen. Sortzaile gara, sortzeko gaitasuna eman zaigu. Sortu beharra daukagu: idatzi, kantatu, dantzatu, dantzatu, dantzatu… Jakintza sakondu. Meditatu, eta egin barne hausnarketak. Sua ere bagara. Inspirazioa eta aurrera egiteko argia ematen diguna. Su hori bizirik mantendu behar dugu. Bakoitzak argi izan behar du zein bide (path) egin nahi duen, zein den egin nahi dugun bidaia. Zer egin nahi duzu mundu honetan. Egin dezagun aske egingo gaituen hori.
*Muchio Kushi da makrobiotika zabaldu duen “profeta” ezagunenetakoa, ezagunena ez bada. George Oshawa izan zen Japoniatik Europara jakintza makrobiotikoak ekarri zituena. Ikasle izan zuen Muchio Kushi. Hark ikasitakoak zabaltzera eta garatzera AEBra joan ziren bere emaztea eta M. Kushi 1949an bere emaztearekin. Rene Levy izan zen beste ikasle bat. R. Levyk Frantzian aurkitu daitekeen Cuisine et Santé zabaldu zuen.
2 Iruzkin
[…] (Jatorrizkoa 27zapata blogean) […]
[…] Aurreko posta idazteko izenburu bila ari nintzela gertatu zitzaidan. Pentsatu nuen egokia izan zitekeela esaera zahar bat aukeratzea titulutzat. Kontsultatu nuen Gotzon Garaterenean eta izenbururako ezer egokirik aurkitu ez arren, topatu nituen kontu interesgarri batzuk. Batez ere gure osasun ohiturei zegokiena. Askotan jotzen dugu kanpoko jakintzetara gurean berean ehundaka urteetako jakintza pilatu denean, ahaztuta ditugu akaso, ez dira gureganaino iritsi bestela. Edo ni naiz ezagutzen ez dituena agian. Esaera zaharrek ordea, argitu ditzakete gure lan ohituren zenbait klabe, edo pista batzuk eman bai behintzat. Hona hemen, kontsultan osasun hitza jarrita interesgarrienak iruditu zaizkidan esaerak. […]