Ridikulua egiteraino bihurritu zaitu heriotzak.
Baina ez zara zu, ama, barregarri geratzen ari den bakarra.
Esku bat abandonatu duzu maindire artean
eta ni,
ausart eta koldar halakoa ni,
negarretan lehertu naiz zure magalera.
Asko maite zaitut, ama
asko!
Zoaz lasai,
zoaz bakean.
Moldatuko gara gu!
Baina alferrik da,
badakizu ez dela egia osoa.
Minak hautsi gaitu milatan,
erraietatik.
Nola libratuko gara honetatik, ama.
Nola!
Kiskaltzen duzu gorpua,
arnasa itoa.
Zerraldo.
Eta ez diguzu erantzuten
ezkerreko begian
noizean behin,
oso noizean behin
sortzen zaizun malkoarekin besterik.
4 Iruzkin
Oso polita, ederra, Imanol.
Ama beti hor izango duzue, inoiz baino indartsuago; bere mundu berritik zuek zaintzen eta entzuten ikasi, entzuten dakienak hildako pertsona barruan izango duelako.
muxu handi bat familia guztiari.
Ederra,benetan setimenduak horrela ateratzea. Ona da ustutzea Imanol, eta gutako bakoitza, pentsakor jartzeko modua lortu duzulakoan nago. eldu goiri.
Malko ugari nire begietatik behera doazela eta mila pentsamendu batera burura datozkit! Ezin dut sinistu! Ez dut honen berririk izan gaur eguerdira arte, zure komentario bat irakurri dudan arte! Egia ote? galdetu diot nire buruari! Nola liteke horren emakume alaia, jatorra, irekia, eskuzabala, …zoragarria ….egoera horretan aurkitzea? Sentitzen dut benetan, oroitzapen ugari une honetan, bihotza dardar batean, ezin ukatu min handia sentitzen dudala nahiz eta aipatzen duzun une hori ezaguna egiten zaidan! Nire ahizpa hil zeneko une berbera, gu, anai-arrebak, zein guraso bere inguruan geundela, eskua laztantzen eta lasai joateko esanez. Horregatik diot ziur naizela egin duzun hori izan dela benetan hunkigarria berarentzat, zuri adierazteko bere oparirik onena izan zarela beti. Semearen berotasuna, maitasuna, … sentitu duela eskua heltzean, zerurako bidea erakutsi diozula keinu horrekin eta bere malko hori bere bihotz barruko eskerrik onena adieraziz oparitu dizu! Har ezazu positiboki, lasai joaten lagundu diozulako! Muxu handi bat, Imanol!
Besarkada indargarri bat, Imanol!