Hurrengo geltokia…

Imanol Epelde
0

Maite ditut autobus geltokietako kafetegiak. Sagar tartak zerbitzatzen dituztenak batez ere. Erakargarriak zaizkit oso motxila alboan, te kikara lagun, libururen bat irakurtzen ari diren neskak. Berdin du Kindlearekin ari badira ere. Amaiera zoriontsuko bidaiak datozkit gogora.

Ez dakidalako zein liburu ari diren irakurtzen, nora doazen eta zergatik. Autobus bereko txartela erosiko nuke. Bere ondoan eseri, burua sorbalda gainean jarri eta autopista lehor eta tunel ilunetatik barrena, kilometroak egingo nituzke. Isilik. Nora goazen inporta gabe.

Irakurtzen ari den neskarik aurkitu ezean, baina, existitzen ez den autobus linearekin egiten dut amets. Autobus linea horretako bidaiariek ez lukete jakingo nora doazen. Ezta gidariak ere. Bidegurutze bakoitza litzateke abentura. Geldialdiak gogoak eman ahala eginez. Eta jendea eskatu ahala jaitsiko litzateke autobusetik. Denbora eta espazio mugarik gabe.

Ez nuke ulertuko autobus linea hori gabeko autobus geltoki berririk. Donostian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA