Esaidazu hitz bat eta sendatuko zaitut!

Imanol Epelde
0

Gure herriak eta gure bizi ohiturak asko aldatu dira azken urteetan. Edo hala iruditzen zait niri behintzat. Akaso ni naiz aldatzen ari dena. Hori ere izango da. Baina ez didazue ukatuko gure herriak ere asko aldatu direla egin zizkigutenetik rotondak, hipermerkatuak eta bidegorriak.

Gure herriak asko aldatu dira, bai. Adibidez, gogoratzen naiz umetan nola joaten nintzen ogi bila. Eskatzen nuen ogi barra bat. Eta barra bat ematen zidaten. Normala. Eta punto. Gaur ogia erostera joan eta galdetzen dizute zerena nahi duzun: egurrarena, zekalezkoa edo espeltazkoa eta hori dena jakin ondoren ea ekologikoa, integrala edo biologikoa nahi duzun. Lehen dena zen ogia. Ogia eta kito. Ogi barra bat. Eta gehienez, gehienez barra erdia.

farmazia

Orain gainera okindegi asko gozotegi-okindegi-kafetegi bihurtu dira. Lehen kafe bat eskatzen genuen eta kafe bat ateratzen ziguten. Hutsa ala ebakia. Kafesnea gehienez. Orain kafe bat eskatu eta zain geratzen zaizkizu. Galdetu nahian kafe hutsa den nahi duzuna, makinako kafea, eta esnerik nahi duzun. Eta esnerik nahi baduzu sojazkoa ote den edo epela nahi duzun edo beroa edo… ez oso hotza baina epel-epela ere ez.

Infusioak ere lehen hiru ziren: tea, kamamila eta tila. Orain karta bat ateratzen dizute infusioak aukeratzeko eta jendeak eskatu dezake lasai asko: te de teylán sojazko esne hotzakin eta kafesne normal bat con un poco de Baylies.

Zerbezekin beste hainbeste. Gogoratzen nola hartzen genituen zerbezak? Lehen zerbeza bat eskatuta zurito bat edo kaña bat galdetuko zizuten tabernetan. Orain ez dakite gariarena nahi duzun, kañerokoa, tostatua edo oso tostatua edo oso oso oso tostatua. Eta ardoa, lehen beti zen ardoa… baxoerdia! Eta punto.

Herriarekin batera gu ere aldatzen ari garenaren ispilu izan daitezke kafetegiak, tabernak edo, edo… pelukeriak. Ikusteko zenbateraino biderkatu dugun esponentzialki infinitora gure pijismo kontsumista. Baina bada hori baino gehiago kezkatzen nauenik. Aspaldian lotsagabeki biderkatu, nabarmendu eta aldatu baitira… farmaziak. Eta farmaziak ugaltzearena, ezin daiteke izan herri gaiso baten sintoma argia baino.

Eta arduratuta nago ni. Aspaldian, kafetegietan baino jende gehiago topatzen dudalako farmazietan. Eta ogi saltzailea farmaziakoa bezala agurtzen dudalako kalean. Aio, aio! zmz aio!Badago farmazia bat gutxienez auzo bakoitzean, sorta eder bat erdialdean. Badirudi alboko taberna eta kafetegietan gaisotzen garena sendatzera joaten garela farmazietara.

Esango nuke herri bakoitzean zentro komertzialen tamainako farmazia bat eraikiko balute ere, bete egingo genukeela. Leheno, barra atzetik eskatu behar izaten ziren botikak. Orain bezeroaren eskura jarri dituzte botika asko, dendetan tomateak edo patata zorroak egoten diren bezala. Farmaziak eskaparate ederrez hornitu dituzte gainera. Esanez bezala, zu gaixotu lasai: guk sendatuko zaitugu!

Ezin duzula lo hartu?

Tori Dormidin, eta lo lasai egin!

Goizetan energia falta zaizula? Hartu Revital bat y tal.

Eta bihotzerrea edo urdailean min duzula:

Fortasec! Dena konponduko dizu pilula batek.

Azaleko arazoetarako Aloe Veraz eginiko kremak… leunak, freskoak eta onak denak.

Eta lasai, ez bada behar bezala altxatzen zure zakil ttiki eta ximur hori. Pastilla urdinak ere baditugu esku-eskura.

Andere jaun estimagarria,

azenario eta erremolatxa ohoragarria,

ni ez naiz inor

zure etxean sartzeko

baina esaidazu hitz bat

eta sendatuko zaitut.

Sendagileak bihurtu zaizkigu XXI. mendeko apaiz eta predikugile. Bata edo sotana zuriak jantzita, ospitaleak eta anbulatorioak Jainkoaren etxe bihurtu dituzte, peregrinazio toki. Eta badirudi bati baino gehiagori interesatzen zaiola denok egotea gaisorik. Eta bizitzea beteta, anbulatorio, mediku, botika, ospital eta onkologikoz.

Martxa honetan gure herriek rotonda, bidegorri eta hipermerkatuz betetako farmazia erraldoi izaten segituko dute. Eta, laster jarriko dituzte terrazak farmaziek ere, taberna asko, eta gero eta arropa edo janari denda gehiago egiten ari diren bezala, alegia, laster jarriko dituzte terrazak farmaziek ere eta zerbituko dizkigute Frenadol edo Aspirina eferbesentedun infusioak edo Listerine txupitoak ahoa garbitzeko, Juanola batzuk pikatzen ditugun bitartean, azeitunak bailiran.

Kasu lagunok! Espainiatik eta Frantziatik baino gehiago kostako zaigu mediku eta farmazeutiken dependentziatik askatzen! Eta nik, eskatzen hasita, beste erreferendum bat eskatzen dut ba haien atzaparretatik libratzeko…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA