Ez. Ez du ezpata odoldurik dardarka izaten eskutan. Ez du ozpin, behazun eta azkazal hatsik botatzen ere. Ez du Batmaneko pailazo gaiztoak bezala egiten barre Kar! Kar! Kar! Eta hala ere, hala ere beldurra ematen du. Beldur handia. Isiltasunak.
Egingo dugu aproba? 4 segundu berez ez dira asko. Baina proba dezagun isilik.
Isiltasunak urduri jartzen gaitu sarritan. Isilik gaudenetan erremediorik gabe egiten dugulako bat garenarekin. Eta horrelakoetan hasten zaigu, nor eta, geure burua kontuak eskatzen.
Eta horregatik akaso, isiltasuna isildu nahian pizten dugu irratia, edo telebista, edota inguratzen gara periodikoz, iPad eta iPodez.
Eta hara, kezkatuta daude asko XXI. mendean ur eskasia handia izango dugulako munduan. Ba, ni, isiltasun faltak kezkatzen nau. Etengabe egiten baitiogu ihes… isiltasunak izango balu bezala eskuan ezpata bat odoletan, ozpin, behazun eta azkazal hatsa eta izango balu bezala Batmaneko pailazo gaiztoaren irribarrea. Kar! Kar! Kar!
Baina hara! Ni gero eta maiteminduago nago isiltasunaz. Isiltasunaz… edo isiltasunez. Kolore eta gustu guztietako isiltasunak baitaude. Isiltasuna, isiltasuna ikusi egin baidaiteke.
Adibidez, ospitaleetako isiltasuna berde argia da
isiltasunak sendatu egiten duelako bat
isiltasuna grisa da eskoletan, inposatua delako
Isiltasuna multikolorea izan daiteke,
baina koloretsuetan koloretsuena, ederretan ederrena
maite dugun lagunarena
irribarre batekin adierazten digunean… dena.
Baina, ikusi bakarrik ez, isiltasuna ukitu ere egin daiteke.
Isiltasuna burdinezkoa da espetxeetan. Hotza, zurruna, espantuzkoa.
Isiltasuna kotoia da oheetan, loak hartu aurreko instanteetan.
Zetazkoa maite dugunaren ondoan gaudenetan
Ezinbestekoa eta erresignaziozkoa hilerrietan
esku hotz eta gogor batek estutuko bagintu bezala
zerraldoaren aurreko negar isilean.
Batzuetan badirudi isiltasunak jostorratzak dituela.
Adibidez, eliza batean batek, ustekabean, jainkoarekin hizketan harrapatzen duenean… bere burua.
Isiltasuna ikusi, ukitu eta bai, usaindu ere egiten da.
Adibidez, Gaza usaintzen da misilak lehertu atariko isiltasunean.
Gaza eta gasa.
Azkazal usaina zabaltzen du beldurtuta dagoenaren isiltasunak.
Azelga freskoaren usaina du isiltasunak, berdura plazak ateak zabaldu aurreko instanteetan.
Eta bai, ximor usaina ere badu bakardadeak,
maite dugun norbaitek ezezkoa esaten digunean.
Isiltasuna entzun ere egiten da.
Agian isiltasunarena da zaratarik ozenena. Hasierako 4 segundu horietan frogatu dugun bezala.
Inbidia duenaren isiltasuna ere zarataz betea dago.
Egiarik krudelenak eta gordinenak isiltasunean entzuten dira.
Kantu txar baten melodia du baztertuen, diskriminatuen eta biktimen isiltasunak.
Ereserki doinua du despota, diktadore eta koipelustreen isiltasunak.
Freskagarria da jakintsuaren isiltasuna, mingarria ezjakinarena.
Enfin, konturatuko zineten isiltasun zalea naizela. Ez dakit zuek ere hala zareten…
Guk ere hitz egingo bagenu dakigunaz eta dakigunaz bakarrik, isiltasun osoa akaso ez baina, isiltasun handia lortuko genuke. Eta horrela, horrela bai, pentsatzen hasteko moduan izango ginateke… isiltasun horretan.
Horregatik, isiltasuna gero eta urriagoa eta beharrezkoagoa izango dela ikusita, eta UNESCOk momentuz ezer egiten ez duela jakinda, nik isiltasunari, edo isiltasunei museoak eta plazak eraikiko nizkioke hiri eta herrietan.
Hori bai, horrelako eraikin edo museorik egingo balitz, baldintza bat jarriko nuke. Bilboko Guggenheim Puppy txakurrak zaintzen duen bezala, isiltasunaren museo hori nire idolo handi eta erraldoi batek zaintzea…
Pantera Rosak.
2 Iruzkin
Kanta honek lagundu dezake testua.
https://www.youtube.com/watch?v=JTEFKFiXSx4
Kar! Entzuna nuen zerbait tipo honen ikuskizunari buruz. Baina ez nuen ikusia. Milesker! Ondo laguntzen dio testuari!