Esaera zaharren ederraz eta ankerraz

Imanol Epelde
2

Esaera zaharrez dekoratuko dugu gaurkoan Faktoria. Eta galdetuko duzue… nola dekoratzen den esaera zaharrez irratsaio bat! Ba, irudikatu genezake adibidez, kutxa zahar bat, eta kutxa irekitakoan aurkitu daitezke esaera pila bat armiarma saretan bilduta, urteetan pilatutako hautsez beteta eta zahar usaina… lori! Akaso ez da egokiena kutxa zahar bat aukeratzea irrati publiko eta txukun bat dekoratzeko baina… bueno, egia esan, gaurko Faktoria dekoratzeko kutxa zahar hori aukeratu badugu/badut hautsak eta armiarma sareak garbitzera gatozelako da. Orduan lasai, eh? Ondo iruditzen zaizue esaera zaharrez dekoratzea Faktoria?

Niri asko gustatzen zaizkit esaera zaharrak bere txikitasunean esanindar handia daukatelako. Eta ez esanindarra bakarrik. Esateko modu berezia dute. Politak dira, bitxiak, Nestleren kaxa gorriko bonboiak bezalakoak. Gainera, esaera zaharren bidez jakin genezake gure arbasoek nola ulertzen eta ikusten zuten mundua. Alegia, gure herriaren pentsamenduan barrena bidaiatu genezake. Adibidez osasun kontuei buruz. Adibide batekin hobeto ulertuko da akaso…:

  • Porrurik ezean asuna, izateko osasuna

Begira zein esaera zahar txiki eta polita, erritmoa du eta errima ere bai. Eta esanahi handia. Ezta?

Edo osasunari buruzko beste hau:

  • Joxe Mari popolo, ipurtzulo handiya, puzkerra botatzeko, osasun handiya

images

Askotan jotzen dugu osasunaz galdezka kanpoko jakintzetara. Indiako sendagile ayurbedikoenaga, ekialdeko jakintza makrobiotikoetara, gurean berean ehundaka urteetako jakintza pilatu denean, osasunari buruz. Esaera zaharrek adibidez, argitu ditzakete gure osasun ohituren zenbait klabe, edo pista batzuk eman bai behintzat. Hona hemen, batzuk:

  • Osasuna galtzen dunak dena galtzen du
  • Osasuna munduko ondasuna (klasiko bat)

Beste esaera batzuk, gure barruak garbitzeko eta osasuna gordetzeko barauak duen garrantziaz mintzo dira:

  • Gose urte, osasun urte.
  • Osasuna izateko, gutxi bazkaldu eta goizo afaldu.

edo…

  • Osasun ona edukitzeko oiloekin ohera eta txoriekin jaiki.

Hara hor, esaera zaharretan osasun hitza duten zenbait esaera. Kontua da, hautsez eta armiarma sarez betetako kutxa zahar honetan gauzak konplikatzen eta batez ere itsusitzen direla beste adiera batzuk, beste hitz batzuk bilatzen ditugunean. Adibidez emakume, adibidez andre. Badakizue zer dioten euskal esaera zaharrek emakumeez edo andreez? Puf, ba inor mintzeko intentziorik gabe, daukaguna bere horretan erakusteko asmoz baino ez, hona hemen bi perla txiki.

  • Aza berriz berotua eta emakumea berriz ezkondua, berdintsu

Edo hara beste bat:

  • Astoa eta emakumea ez zaizkio iñori uzten.

Asko dira gure esaera zaharren artean “andre” edo “ emakume” hitza bilatzeko jarrita aurkitzen diren “perlak”, esan dezagun. Lotsagorritzekoak gehienak. Baina hor daude, hainbestetan harrotasunez ohoratzen dugun gure euskal memoria kolektiboaren erakusgarri.
Esango ditut beste batzuk? Utziko didazue? Bueno, nik aukeratu ditut esaera zahar batzuk, ez onenak, ez eta gogorrenak ere baina, bueno izan daitezke gure mundu ikuskera historikoaren argigarri.

  • Emakumeari eta lapurrari okasiorik ez ipini.
  • Emakumea eta gezurra egun berean jaio ziren.
  • Andreak sukaldie bete eiñ bie dau.
  • Emakumeak gobernatzen duan etxia ta oilluak gobernatzen duan baratza berdiñak.
  • Andrea gustura eukitzeko, a(h)aria bezela batetik bestera ibili behar da pasiatzen.

Gure esaera zahar zenbaitek adierazten digutena ikusita, Euskaltzaindiako larrialdi kabinetea biltzea eskatzen dut sortu dezan batzorde bat edo azpibatzorde bat edo azpibatzorde batean azpibatzorde bat esaera berriak sortzen hasteko. Ze esaera zaharren-zerrenda-beltza… luzea da, oso oso luzea. Emakumea eta etxea lotzen dituzten beste esaera hauek esaterako. Oso fuerteak dira, beraz, Parental Advisory bat egin behar dut hemen. Adin txikikorik baldin baduzue inguruan, atera sukaldetik, edo kotxetik edo zaudeten tokitik. Ze… gogorrak dira esaera zahar hauek…

  • Andreak eztu alper egon behar, oiloak pixa in bitartean.
  • Etxean itsusiak, andrea ta zakurra.
  • Emakume bat etxerako gutxitxo ta bi geitxo.
  • Emakumeak gobernatzen duan etxia ta oilluak gobernatzen duan baratza berdiñak.

Hemen gehiago. Emakumea emaztegai izateko esaera zaharrak.

  • Andrea (h)artzeko ta astua erosteko, zu(h)urtzia da be(h)arrezko.
  • Ez sekula alabatu zeure ardoa, zeure astoa ta zeure andrea.
  • Andre diligentie dekon gizona, ondo biziko da.
  • Goierritik ekarritako andrea ta ijitoari erositako astoa, berdinak.

Edo hara hemen emakumea eta negarra biltzen dituen esaera batzuk:

  • Andrearen indarra, titiak eta negarra.
  • Emakumearen negarra ta ahuntzaren edo antxumearen orroa berdintsuak.

Eta azken esaera traka:

  • Andre bakartie bada, aren inguruen barriketak eztire faltako [Andra].
  • Andre ederra, andre alperra.
  • Andrea ta astoa temosoak
  • Ahuntza, astoa ta emakumea ez ditu iñork teman autsiko
  • Emakume bibotedunak, gogorrak
  • Emakumeari esandako sekretua ez da sekretua.

Azken perla bat:

  • Kontuz mandoarekin atzetik, zakurrarekin aurretik eta emakumearekin alde guztietatik

Nik ez dakit Gotzon Garatek esaera zaharrak bildu zituenean gizonezkoei bakarrik galdetu zien edo ze kristo. Gotzon Garate esaten dut bera delako esaera zaharren bilduma handiena egin duena. Ez dakit bestelako esaerarik egongo ote den. Baina momentuz kutxa zaharrean bilduta daukaguna ikusita, urgentea da berriak asmatzen hastea. Esaera zaharrak berritzea alegia. Esaera zaharrak hackeatzen hasi gintezke adibidez. Sortu genitzake herri laborategiak gure altxortegia berritzeko edo Jaurlaritzak edo diputazioak edo udaletxeren batek sortu dezake dozena erdi bat lanpostu altxortegi hori berritzeko. Batzorde hori, bistan da, emakumeek osatuko lukete batez ere. Emakume poetek. Eta horrela, gure iruditeria berritzeaz gainera, emakume poetez betetako lanpostuak sortuko genituzke. Irudimena berritzeaz gainera, ez legoke poetarik gehiago langabezian.

Gaurko dekorazioa bukatzeko ez zait bururatzen erremate hau baino: Berritu ala hil!

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA