Hilko banaiz

Imanol Epelde
0

Begiak itxita eraman izan banindute ez nukeen jakingo Banco Guipuzcoanon, Diputazioaren bulegoren batean edo Gazteleku batean nengoen. Asmatzen hasita ez nukeen Bilbon nengoenik ere antzemango. Bilbon baitago. Egongo ez balitz bezala. Disimuloan. Lotsagabeegia baita heriotza agerian eramateko.

IMG_20160818_125652Ez, ez nukeen asmatuko beilategi edo tanatorio batean nengoenik. Ez balitz jendea ikusi nuelako bere baitara malkotan bildua, inoiz eta inon baino besarkada gehiago ematen, eta lore batzuk saltzen. Oso prezio garestian (ikusi argazkia). Dena esan behar bada.

Eta difuntua isilik. Isil-isilik. Kristalaz bestaldera ukitu ezineko trofeoak nola. Jende zaratatsuegiaren aurrean. Intimitaterik gabe.

Nik ez nuke nahiko niretzako horrelako agur ezleku bat, agur garesti bat. Agurtu nazazue etxean bi-hiru kandela artean. Datozela gertukoenak agurtzera. Ez konpromisoz #EtorriBeharDutelako bisitaririk. Nahi izatera bildu lore batzuk inguruan eta hitz egidazue gauza politetaz. Ez dezadan nire penaz gain zuena ere kargatu. Eta hobe errausten ez banauzue. Ez dut Zubietan erraustegirik nahi. Baina ez zait gustatzen Errekalden dagoena ere, Cementos Rezolaren ondoan.

Ez dakit ni hiltzen naizen gauean lo lasai egingo duzuen. Baina jarri dizkizuedan lanekin, uste dut nekatuta iritsiko zaretela eta egingo duzuela ziplo lo. Leher egina bukatuko dut nik ere; agurrek sortzen duten estres guztiarekin. Bentaja batekin. Ez dudala zuek bezala hurrengo egunean jaiki beharrik izango.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA