Nola izan superguraso eta Euskadi Sari bat irabazi

Imanol Epelde
4

Epaitua eta akusatua izateko, ez dago parkeetako banku bat baino aulki hoberik. Aukeratu parke bat, eta orain aukeratu parke horretako banku bat. Eta eseri, eseri lasai. Eta behatu nola mugitzen diren umeak parkean, aztertu nola jokatzen duten gurasoek. Eta kritikatu. Kritikatu lasai: aita horrek zer egiten du mugikorretik burua arratsalde osoan jaso gabe. Nolatan ekartzen dio beste horrek tableta umeari parkera! Amona horrek bai sartzen dituela orduak parkean! Gehiegi! Eta umeei merendatzeko ematen die beti… Kinder Bueno. Faborez! 

Errazegi epaitzen dugu elkar gurasook. Presio eltze bihurtu zaigu aro ero hau guraso izan nahi dugunoi. Ez da makala eman diguten lana: Ume perfektuak sortzea. Liburuak saltzen dizkigute nola hezi jakiteko: seme-alaba arrakastatsuak, emozionalak, zoriontsuak, sortzaileak, ausartak. Alegia, kaka egiten duten umeak, baina neurrian. Zure seme-alaba zuk nahi duzun bezalakoa izango baita. Eta ez bada izaten… zerbait egingo zenuen gaizki. Ez duzu behar bezainbeste motibatu, entzun eta gidatu. Zure semea edo alaba zure arte obra izango da eta zutaz ere asko esango du. Horregatik, proposatzen dut urteko guraso onenak izendatzeko Euskadi Sariak sortzea. Eredu bat izan dezagun, eredu eman dezagun. Eta bide batez jasaten dugun gizarte-presioak, sikiera urtean behin, sari bat irabazi ahal izateko aukera eskaini dezan. Hautagairik ezagutzen duzue? 

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA