Tamainak inporta du. Eta asko gainera. Ez dira alferrik operatzen urtean 15000 zakil. Luzatzeko noski. Gizona gizon izango bada ezin daiteke penetratua izan. Ipurtzulotik?! Ezin mintzatu daiteke gizonezkoa emozioez: bueno bai, pixka bat bai, baina gehiegi-gehiegi ere ez. Gizonok gure hauskortasunak ezkutatzen ditugu eta ez dugu laguntzarik hain erraz eskatzen. Eta debekatuta daude gure arteko besarkadak. Eskutik heltzea bezalako keinuak. Musuak. Gizona gizon izango bada.
Horregatik daukagu guk ere askatu beharra. Eta ez bularreko ileak soiltzetik bakarrik. Geure buruak maitatu eta onartu behar ditugu. Bat egin emakumeekin. Feminismoa ez baitator emakumeen interesak babestera eta gizonak mehatxatzera. Berdintasunean libre eta zoriontsuago izatera baizik.
Zer egin dezakegun horretarako?
- Kontu hauetaz hausnartzea autokritikaren bidez
- Taldean elkartzea eta bat egitea XXI. mendeko borrokarik interesgarrienarekin.
- Konplize ez izatea gizonen arteko gizonkerietan
- Emakumeak entzutea eta irakurtzea eta batzuetan isilik egoten jakitea.
- Norbere biktimismoa lantzea eta galdetzea zer den gaur eta hemen emakume izatea, zer den gaur eta hemen gizon izatea.
Gizonok ere bandera morea jaso beharra daukagu. Gizona gizon izango bada.
1 Iruzkin
[…] Gizona gizon izango bada […]