Tirantezko galtza laranjaz jantzirik!

Imanol Epelde
5

Normaltasunak logurea ematen du. Berdindu egiten gaitu. Pentsa dezagun une batez zer litzatekeen herri hau denak izango bagina… normalak. Bai. Adibidez Urkuluren antzekoak bagina denok. Morfina gogorra da normaltasuna. Dena bihurtzen baitu monotono. Lokartzeraino.

Horregatik saiatuko naiz gaurkoan anormaltasuna defendatzen. Hemendik Faktoriako balkoi honetatik. Gaurkoan zumo naranjarik gabe eskuan, baina bistarik ederrenekin aurrean. Jakinda, ez dela normalena anormalarena egitea irratian, are gutxiago Euskadi Irratian, politikaz eta kulturaz eta horrelako gauza seriotaz hitz egiten den irrati batean.

Baina, bueno… gaurkoagatik utziko didazue ezta?

Hasi gaitezen XXI. mendean, pertsona normala izatea zer den definitzetik.

Hemen normala da edo normalena bai behintzat… ezkontzea,
ezkontzea kontrako sexuko norbaitekin
zure herri ingurukoarekin ahal dela
30 urteren bueltan
eta elizatik.
Normalena da edukitako umeak ingeleseko akademietara pardeletan bidaltzea
Normalena da ume horrek, hainbat urteren ondoren jaunartzea egitea.
Normalena da bigarren ume bat ere izatea.
Normalena oporretara noizbait 4 edo 5 izarretako hotelen batera joatea
falopio tronpak jotzera,
edo oporretara joatea bestela Jacako, Castroko edo Logroñoko etxeren batera…
Denok baitaukagu osaba edo izebaren bat bigarren etxeren batekin herritik kanpo.

Normalena da
autoa izatea eta hipoteka eta 35 betetzen dituzunerako gaisotasun kronikoren bat
izan diabetesa
izan estresa
edo dermatitisa.
Normalena da izatea Travelcluba eta Repsolen botatzen gasolina
95 sin plomo
normalena da futbol talderen bateko karneta izatea
eta noizbait Mc Donaldseko Mcnuggetsak probatu izana.
Normalena Diario Vasco erostea da edo El Correo,
asteburuetan Elpais orekatzeko.
Normalena da hori guztia eginda ere zure burua ezkertiatzat jotzea
eta kontserbadoreak,
kontserbadoreak abortuaren kontra daudenak eta elizara doazenak direla pentsatzea.

Eta noski, normalena da Bizkaian PNVkoa izatea.
Eta orain Donostian ireki diguten denda puskarekin,
normalena da Gipuzkoan Bildukoa izatea eta Zarako arroparen bat soinean izatea.

Normalena da normala izatea.
Gauetan afaldu eta T5 ikustea
goizetan kafesnea zerealekin hartzea
eta telebista piztuta bazkaltzea…
Normalena da hizkuntza normalizatu batean bizi nahi izatea
espainolaren edo ingelesaren neurrira ahal dela,
inork ez baitu, hitz egin dezagun garbi, hizkuntza anormal batean hitz egin nahi,
non eta Europan
noiz eta XXI. mendean.

Normalena da herri normalizatu batean bizi nahi izatea
Espainiaren edo Ingalaterraren neurrira ahal dela,
(gustatuko litzaiguke, eh?)
inork ez baitu herri anormal batean bizi nahi,
gerrilari artean
non eta Europan
noiz eta XXI. mendean.

Kontua da, gauzak normal egin nahian azkenean anormalarena egiten amaitzen dugula! Normalak izateko norma edo arau batzuk bete behar baitira. Eta lege horiek betetzen ez dituen infraktoreak errenta aitorpenean deklaratu behar izaten ditu bekatuak. Badakizue, denak nahi gaituzte normal: ezkonduta, hutsal eta tributable.

Eskerrak ez garen denok normal-normalak. Barkatuko didazue hain gordin esatea baina, eskerrak denok (edo batzuk behintzat) anormaletik zerbait badaukagun.
Ez gara orain, bereziarena egiteagatik 98 gasolina botatzen hasiko
ze hori tontoarena egitea izango litzateke baina…
Nago anormaltasunak zoriontsu egiten gaituelakoan.
507bdea9ef761_DSC0008-Copia-
Horregatik atera gara gaur Faktoriako balkoi eder honetara
alferrik dela esateko, berandu dabiltzala,
ze gu libro gabiltza kaleetan
tirantezko galtza laranjaz jantzirik
libro-libro.

5 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA