Metro gutxi batzuk irabaztearren hil ziren milioika lagun 14ko Gerla handian.
Euskaraz baizik etzekiten haiek, Morts pour la patrie.
Gerra astebetean irabaziko zutelakoan abiatu ziren Ipar Euskal Herritik. Paseatzera kasik. Baina ez zuten aurkitu euria hasieran, lainoa gero, eta bukaeran lokatza eta izotza baino, lau urte iraun zuen gerran. Sei mila euskaldun ez ziren etxera inoiz itzuliko. Sei mila.
Orduko su zelaietara eraman gaitu Mikel Peruarenak liburu gordin, krudel eta bortitz honekin. Plazer itoa izan da borrokaldi bakoitza pertsonaia bakoitzaren azalean bizitzea. Obusek lehertutako lur eta gorpuzkin artean. Esanindar ikaragarriz kontatua dena.
Udan irakurri dut liburua. Aldi berean, bestelako literatura ari zen bizitzen nire aldamenekoa, bere 14 urte errebeldeekin:
Gerra batean zegoen murgildua bera ere. Lehen lerroan eta lehen eskutik. Bera baitzen narrazioaren haria zeramana, bera borrokaldiak antolatzen ari zena metraileta-pistola-labanez. Espektakulu kolosala. Orain Angolan, Afganistanen gero, Errusiako mugetan…
Eta pentsatu nuen, ikasturte berria hastear dugun honetan, gaurko gazteak irakurzaletuko baditugu, egungo koordenadetara egokitzen asmatu beharko dugula. Zein garai eta narrazio bizi dituzten ezagutzetik hasita. Literatura asko aldatu zuen zineak, ordenadoreak edo Internetek. Orain aldatuko du Snapchatek, Instagramek eta Call of Dutyk.
Udan eskolatik bi liburu euskaraz eta bi gaztelaniaz irakurtzeko agindu diete aurten. Liburu bakoitzarekin egin behar izan du iruzkin aspergarri bana gizarajoak. Gustura jakingo nuke zenbat irakaslek irakurri dituzten lau liburu udan. Eta batez ere bi euskaraz. Iruzkinak egitera inor ez zela egiten jarriko pentsatuta.
1 Iruzkin
[…] hasi berri dugun honetan, hau da Imanol Epelderi sortu zaion jakingura, 27 Zapata blog-ean irakurri […]