Interesatzen zaigula uste duzu egunero jaten duzunaren argazkiak ikustea? Zertan egiten gaitu pertsona hobe, gimnasiotik tirantezko kamisetetan igotzen duzun argazkiak? Zein balio transmititu nahi dituzu?
Gaur egun, harrokeria ez dago gaizki ikusia. Areago, ez dugu ia besterik egiten. Selfigintzak hondoratu gaitu, Instagram bihurtu zaigu 2.0 ispilu. Operatzen ditugulako aurpegia, bularrak eta niak. Orain inor ez dago lodiegi edo argalegi. Argazki on batek balio baitu Zarauzko etxe batek baino dezentez gehiago.
Niaren urrezkoa aroan bizi gara. Eta ikaragarri gustatzen zaigu esatea zein goapo gauden, selfiak etengabe egitea.
Lehen horrela zebilena, lagunik gabe geratuko zen, herriko harroa izango zen, herriko babua. Baina orain iritsi gara harrokeria gauzarik normal eta eginbeharrekoena izatera.
Gu benetan garenarekin zerikusi gutxi duten pertsonaiak sortzen eta sinesten ari gara. Norbaitek galdetuz gero benetan nor garen, pertsonaia hura garela esaten amaituko dugu azkenean, gu benetan garenaz lotsatuta.