IKEAk komuneko lanpara inteligenteak saltzen ditu. Etxeko edozein tokitatik intentsitatez eta kolorez aldatu daitezkeelako. Badaude TurboWashTM 360º labadora inteligenteak ere. PIPI!! Entzuten? Oraintxe bukatu ditu lanak! Zenbait labe adimentsuk zientoka errezeta dituzte programatuta. Zenbait aspiradorak etxea erraztu ez ezik, fregatu ere egin dezakete. Inteligenteki. Badakite robotek noiz non zer egin. Pentsa. Entxufeak ere inteligenteak izan daitezke! Edo afeitatzeko aparrak, bankuko kontuak eta bozgorailuak. Ez dut begiratu baina egongo dira baloi, hautsontzi eta xugux inteligenteak ere.
Hemen denak baitira inteligente, denak smart: smart time, smart live, smartwatch, smartphone. Zalantza bakarra. Ez ote garen gure bizkar inteligentetzen ari ingurua. Hemen denak behar baitu erraz, eroso, kalitatezko eta merke. Denak behar du izan Smart. Guk izan ezik.