Zarauzko beste zenbait hitz

Imanol Epelde
0

Biraoak ekarri nituen hona aurrekoan, Zarautz hizketan liburutik jasoak. Jarraian gainerako hitzetatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak bildu ditut. Batzuk erabiltzen ditugu, ezezagunak egingo zaizkigu besteak. Interesgarriak dira denak.

ardora: arrainek (batez ere antxoak) gauez batzuetan ematen duten fosforeszentzia

arkaa: ardiak eta ahuntzak arreske egon.

arnasian: itsaso azpian oxigenorik gabe aritu, a pulmón libre.

Arranpillote: bataioetan dirua botatzen zen arranpillote; gozokiak ere arranpillote botatzen dira.

Arrantxo: otordutik kanpoko jan-edana, normalean goiz partean, hamaiketakoa; lagun artean, poteoa.

Astegun buruzui: asteguna izanik, zerbait berezia egin dela adierazteko modua.

Atxituta egon: leher-leher eginda egon.

Azpikoz gaiñea: hankaz gora, azpikoz gora.

Aztarren: aztarna

baldinbaite(z): gaztelaniazko espero izan daiteke.

Basur: ihintz handia

behazun:

behiñipein, biñipin (behinik behin)

bi-bitan: jokoetan binaka aritzea, bi biren aurka: musean, pilotan…

biten, biteanean jokatu: pilota jokoan, bi egitera jokatu; askoren artean jokatzen da eta azken gelditzen denak bi tanto egiten ditu.

Buerda batian eon: minez egon, oinaze batean

danbarrazka: norbait haserretzean eta alde egitean ateari emandako danbateko bortitza.

Danda: auzolanean egindako lana, baina herri-ondasunen inguruan egiten dena.

Elorriyo eduki: ederra eduki, ederra jasan behar.

Enbata: galerna, itsasoko ekaitza.

Epai: zerbait ebaki ondoren geratzen dena. Zuhaitz bat boita ondoren ebaki den uneari epaia deitzen zaio; berdin ogia ebakitzen denean.

Erlakizten: larru azalean sortzen den infekzio minbera

erreten: ubidea, zanga baino txikiagoa. Hedapenez, baita ipurdiko erretena ere edo titi arteko erretena.

Erreus, erreux: akastuna, kaltetua, mailaturen bat duen jakia, hala nola fruta, arraina… erreuxak jan, aurreko egunetako sobrak jan.

Ezpaa: euli mota zapala

garatu: zenbait landareren kasuan (arbia, letxuga…) kimu berriak sortzea

iel: txerria ugalketarako prest izan.

Ipurtxuntxurra: bizkar hezurraren bukaera, sakroa.

Izter lehengusu: lehengusu txikia

jela beltz: izotz beltza, ikusten ez den izoztea

jotama: zur eta lur

kabitu ezin: egon ezina

karka(ba)ra: kale txikia, karrika; batez ere Orioko hitza.

Kastakua izan: zarauzko sendi jakin batekoa izan.

Katramilla: nahaste handia, anabasa…

koniflor: azalorea

konpa(a)zio batea: adibidez, esate baterako.

Kribi natxiok: jokoetan, ezer gabe geratzea (kromoetan, txapetan…)

kuartakerre: tximili-kuarteka jolastean, kunplitzen ari denak norbait oker izendatzen duenean esaten da. Halakoetan kunplitzen duenak berriz kunplitu behar izaten du, jolasa atzera hasiz.

Kuku-mikutan jostatu: ezkutaketan egin.

Kurioxo: ondo, egoki, kontu handiz

laga: utzi

lapatx: edozein jokotan ona denari esaten zaio.

Mandaelbi: euli mota handia, zaldi, behor eta antzekoen inguruan dabilena gehienetan.

Mutxikin: hondakina, zigarro mutxikina, arto mutxikinak…

noanoa, nuanua: (nonora, nora edo nora), nonbaitera

on-aurki: onentsuena

ospel: eguzkiak jotzen ez duen ingurunea

partz: zorrien arrautzak

pasaa eman, paxaa eman: egurra eman, norbaiti jipoia eman.

Putz: hotsik gabeko puzkerra; putz miña, usain gogorreko putza.

Saltaka: badirudi Getaria eta Zumaia ingurukoa dela, baina Zarautzen ere entzuten da, korrika gehiago erabili arren.

Seiziya: hileten ostean egiten zen jatordua, segizioa…

senperrenak esan: kristorenak esan

tranga: ateak ixteko egurra

txala in: lagun artean, botaka egin.

Txaldanduta: makalduta eta zorabiatuta, gehienbat eguzkiak pasatakoan esaten da.

Txapitula: mendian egindako txabola itxurako behin-behineko eraikin txikia

Txilikuko urekin bataiatua izan: ona izan, ganorazkoa.

Txintxosta: trentza, txirikordatutako ile mototsa

txiñal: txankleta

txiñalka ibili: etxeko zapatilak edo alpargatak atzetik sartu gabe ibili.

Txupiña: limonada botila

zakil: hitz tabua da, eta ordezko hitz asko erabili izan dira: txilibitua, antxoa txikiya (umeena), pitilina…

zanbulla jo: murgil egin, batez ere Getarian.

Zimitayo: hilerria // eliza ataria (izan ere garai batean eliza atarian izaten zen hilerria)

zipitz: beti ezezko esaldietan, ezer ez, hutsa: ez daki zipitzik ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA