Erretolikatik erretorikara

Imanol Epelde
0

Hitz gutxi eta berak onak. Hala saiatuko naiz egiten; gehiegizko ur jarioa urbitsetan baitoa. Larunbat honetan izan zen: AHTren aurkako manifestaziora joan ginen. Jende gehiena gaztea, borroka galduetatik gatozen seinale, eta baikortasun gutxi giroan, umorez eta kolorez jantzitako manifestaldia izan arren.

Gaztelu plazara bidean hainbat lagun ari ziren zenbait aldizkari eta informazio orri banatzen eta saltzen. Prezio merkean gehienak baina irakurtzeko erakargarritasun gabekoak denak. Nire eskuetara ez zen erraz eta gustuz irakurtzeko moduko ezer heldu: testu denak ziren astun, luze eta aspergarri. Eta beste hainbeste gertatu zen plazara heldu eta entzun behar izan genuen amaiera ekitaldiko hitz jario zaparrada lehorrarekin ere. Manifestazioko mezua altabozetatik ematen hasi orduko ekion zion jendeak albokoarekin komentario graziosoren bat egiten, aho zabalka edo aspaldiko ezagunen bat urrutira bistatu nahian.

Manifestazio hartatik AHTaren (eta horrek sinbolizatzen duen guztiaren) aurka lana hobeto eta gehiago egiteko indarrez eta ilusioz gainezka atera behar genuen, sututa, baikortasunez. Hara joateak merezi zuela sinestuta. Eta ez manifestazioak uzten duen nekeaz etxeratzeko gogoz, mitina lehenbailehen bukatuta.

Iruñean ere Joxerra Gartziak ateratako liburuaz gogoratu nintzen eta hurrengo manifestaziora komunikazio gaitasuna lantzeko hamar bat liburu motxilan ditudala joango naizela hitz eman diot neure buruari. Komunikatzaile onak falta zaizkigulako herri mugimenduetan (ere). Torlojurik onenak egitea alferrik baita gero saltzen asmatzen ez bada.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA