Ikusgela bat Itaka

Imanol Epelde
0
Patrick Tomassoren argazkia

Hasieratik geratu ginen liluratuta Saforekin. Bere laburtasun, finezia, sentsualtasunarekin, Jainkosa bat ariko balitzaigu bezala xuxurlaka. Maite Lopez de las Herasek itzuli du Safo euskarara. Liburu hori batxilergoko ikasleei emango nieke irakurtzeko: orain dela 3000 urteko hitzak hain fresko eta bizirik iristearen arteaz goza dezaten. Merezi zuen Safok bideo bat wikipediarako.

Homerorekin itsututa geratu ginen eta gauza gehiago ikusten ditugu orain, bera ere itsua zela dioenik bai baita. Ulisesen esanahi, balentria eta gizonkeriekin gozatu eta sufritu genuen: Itaka helburu, Penelope amets, Odisea bat bide. Beste bideo bat merezi zuen horrek guztiak.

Kixotek ere, odisea bat zuen aurretik, Itaka urrun bat helburu, beste Penelope bat gogoan. Baina, Kixote besoetan hartu genuenean, Ulisesen aldean, On Kixote alde ederreko heroia zela konturatu ginen, terrenalagoa, samurragoa, guagoa. Eta Ulisesekin baino nahiago izango genuela Kixoterekin eta Santxo Pantzarekin hamaiketako bat brunch bat egiteko geratu. Beste bideo bat egin genuen bere eta gure omenez.

Eta amaitzeko, laugarren bideorako, beste bidaia bati ekin genion, oraingoan, infernutik hasita, Virgilio lagun, argiaren argitik argia argiki sortzen den argi-argiraino: zeruraino, enpireoraino. Beti gabiltzalako Itaken atzetik, bizitzeak berak heroi bihurtuta, Penelope bat, Dultzinea bat, Beatriz batek hauspotuta.

Horrelaxe ibili gara gu ere bidaian, Odisea betean, Ikusgelarako bideo hauek egiten: gidoiak idazten, kamerak enfokatzen, argiak doitzen, edizioan, erritmoa aurkitzen. Infernutik ez dugu pasatu behar izan eta, hala ere, zerua jo dugu, eta aberastu dugu, apur bat bada ere, euskarazko Wikipedia, gure Beatriz partikularra.

Laster itzuliko gara bideo gehiagorekin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA