Telefonicako kableak
ur zikinen estolderia
eta farolen ipurdi inpenetrable zenbait
dituzte lagun
zuhaitz honen sustraiek.
Zuhaitz honen sustraiek
eta zuhaitz urbanoen paradisuek
eskuaira eta kartaboiz mugatuta.
Ez da Gernikakoa bonbardaketatik
libratu den zuhaitz bakarra.
Hala ere, zintzo-errugabe
inguruari arretarik jarri gabe bezala
darrai
darraite
naturaren audientzia nazionalak
otorgatutako inmutatez
zuhaitz honek
eta
hirietako zuhaitz ia guztiek.
Errugabea dirudien arren
bere adarrak defenditzeko
eguzkia lapurtzen zioten oro
umiliarazita gerizpe ankerrean.
Ez da Gernikakoa
etikaz ulertzen ez duen bakarra.
Etikaz guk ulertzen dugu, klaro.
Guk eta guk bakarrik.
Horregatik maite ditu gure etikak eskuaira eta kartaboia hainbeste
eta produktu kimiko zenbait
eta entziklopediak.
Entziklopedia birtualak.
Ez da Gernikakoa injustiziak
eraztunez eraztun
memorizatu eta ezer gertatu ez bailitzan
itxurak gorde behar izan dituen bakarra.
Horregatik etorri gara gaur zure oinetara
zure airean poemak idaztera
biluztuta besarkatzen zaitugunetan bezala
biok bakarrik ulertzen dugun alfabetoa lagun
hizketan segitzera
gure historiako gezurrak
zure bertsioekin kontrastatzera
eta bide batez
elkarrekin jolastera
elkar jolastera.
Inoiz amaitu beharko ez lukeen
istorio ederrean.