1.- Poemak komunean idatziak eta komunean irakurtzekoak. Zurea poesia intimista dela argi eta garbi dago.
Komunean errefuxiatuko naiz mundutik. Halaxe diot poema batean eta halaxe egiten dut idazten ari naizenean ere. Zoriontsu naiz, inoiz baino zoriontsuagoa. Baina munduak bota bolarria sortzen dit sarri, gure zurikeriak, gure krudelkeriak jasanezinak zaizkit. Horren guztiaren erantzuna da nire poesia. Botaka egiten dut komunera. Momentua ez da batere atsegina baina ematen duen lasaitua ez da konparagarria ezerekin.
2.- Urte eta erdiz www.27zapata.com blogean argitaratutako poemak hartu, zure anaiak musika jarri, eta “Komuneko paperean” izeneko ikuskizuna osatu duzue elkarrekin. Zer ikusi eta zer entzun ahalko du ikuskizun honetan poesia zaleak?
Poema intimistak giro intimistan (aretoa komun bihurtzen dugu) proklamatzen ditugu. Proklamatzen diot errezitatu baino zerbait gehiago egiten saiatzen garelako, hitz bakoitzari gorputza ematen saiatzen gara, hitzak zaunkak badira horzkaka ahoskatzen saiatzen gara. 50 minutuko ikuskizuna da, 30 poemez osatua, oinarrian musikaz (batez ere elektronikoa) lagunduta.
3.- Aurten gainera, ikuskizunak forma berri bat hartu du, paper bihurtu da. Komuneko paper. Nola da Colhogar etxetik ezezkoa jaso zenuteneko hori?
Gure bizkar barre ederrak botako zituztela seguru! Guk serio galdetzen genien komuneko paperean poemak inprimatzeko modurik ezagutzen zuten. Baina haiek ezetz. Komuneko paperean literatur lanak publikatuta zituen enpresa batekin jo genuen arte. Bai, mundu arrano honetan badago horretara dedikatzen denik ere!
4.- Amorrazioz eta tristuraz ere beteta dauden poemak dira asko. Munduarekin haserre zinen garaikoak asko. Eta hala ere, umorez ausartzen zara.
Nahi baino gutxiagotan ordea. Umorea da nire ustez bizitza bizitzeko eta bizitza idazteko armarik konbatiboena. Umore bilaketak etengabekoa izan behar du. Nekeza da eta disziplina handia eskatzen du. Jarrera bat dela esango nuke. Egunero lantzea eta aldarrikatzea nahiko nukeen jarrera bat dela erantsiko nuke, lortu oso oso gutxitan lortzen dudan arren.
5.- Eta amaitzeko, zuk ziur argituko dizkiguzun bi galdera.
a- Zer dago komunaren ondoren?
Komuna bera da jomuga. Nik komunean aurkitu dut nire zerua. Pentsa! Emanaldietara ere komuna eramaten dut! Komunean sortu izan dut eta sortzen segi nahi dut deskubritzeko beste mila zeru ditudala jakitun.
Eta b- Zergatik joaten dira neskak binaka komunera?
Neskak bakarrik izango balira binaka joaten direnak! Mutilak ere gero eta gehiago joaten dira binaka komunera, bizi dugun dekadentzian zoriona gramoka sudurreratzera. Horrek zoriontasunarekin zerikusirik ez duela jakitun. Plazera eta zoriontasuna konfunditzen ditugu.