Nire komunetik 101119

Imanol Epelde
0

Asko izan dira notiziak aste honetan. Baina beti bezala, gehiago izan dira notizia izan ez diren notiziak.

Nola ulertzen den hori galdetuko duzue, nola gerta litekeen notizia izan ez den zerbait, notizia bihurtzea. Ba, andere-jaunok, erraza da esplikazioa. Adibidez. Aste honetan ez da inongo hedabideetan agertu, gure itsasoek arrainik batere gabe jarraitzen dutela, baina bada, izan beharko luke notizia, itsasoaren desertu bihurtu izanak. Edo ez?

Horren ordez, notizia bihurtu da aste honetan notizia izan beharko ez lukeen zerbait. Izan ere, antxoa arrautza oasi batzuk aurkitu dituzte itsasoan, hori bai notizia e?, eta Bilboko itsasadarrean, entzun ondo!, arrainak agertu omen dira. Agure batzuk entzun ditugu esanez itsasadarrean arrainik ez dutela sekula ezagutu. Baina, diot nik, arrainik gabeko itsasorik ere ez zutela ezagutuko. Eta galdetzen, zein mundu den gurea, uretan bizitza aurkitzea notizia bihurtzen bada.

Hara notizia izan ez delako, notizia bihurtu den adibide bat. Elkartasun eta autogestio ideiak sozializatzen saiatu zen CNTk 100 urte bete ditu aurten. Alde guztietako genozidio saiakerak jasanda ere, bizirik dago sindikatua eta han eta hemen ari da erakusketak, hitzaldiak eskaintzen. Eta zabaltzen, ideiak zabaltzen. Eta hori bada albistea. Baina ez da izan urte osoan. Ezta izango ere. Horregatik bihurtzen da notizia… notizia bera ez izana.

Edo hara hau ere: notizia izan ez delako, baita notizia. Aste honetan, harrigarriki, ez da atxiloketa politiko masiborik izan. Ez dute dozena erditik gora gazte, internazionalista edo abokatu atxilotu eta denbora labur batez, hitz estali egin dira, urteetan goizean goiz gosaldu behar izan ditugun erregistroak, inkomunikazioak eta estradizioak. Eta hori, hori bada notizia EHn.

Bestetan aldiz, notizia beharko ez luketenak notizia bihurtzen dira. Mutil zintzoaren planttak egiten agertu da aste honetan munduko kameren aurrera The social network filmeko protagonista maltzurra eta Fbeko nagusia: Mark Zuckerber. Eta iragarri du bere sareetara are eta gehiago katigatuko gaituen neurri bat. Facebook-ek aurrerantzean, postontzia ere izango du.

Marka da baina Markek badaki, Mark Zuckerber gazteak esan nahi dut, badaki aurreko larunbatean Amets Arzallus Xilabako txapela janztera ikustera nortzuk joan ziren, edo pasa den igandean, Behobia-Donostian nortzuk hartu zuten parte. Markek badaki zein musika talde atsegin dugun edo zein kantuk bihurtzen digun odola, ardo. Oraindik gehiago: Marka da baina Markek badaki gure herrietako kultur elkarte, kirol talde eta gazte asanbladek zenbat kide dituzten. Eta badadaki ziren diren gure lagunak, nola dauzkagun sailkatuta, ezkonduta gauden edo harreman berrietara zabalik gauden.

Hori dena eta gehiago daki gure Mark Zuckerber jainko begiak. Eta zeru betierekoa irabazteko, informazio hori enpresei saltzen die. Hala ere, guk gure hitz, irudi eta soinuak publiko egiten ditugu enpresa pribatu baten eskaparetean. Ongi etorri Facebookraziara lagunok! Zatozte, zatozte, zure burua zuk zeuk baino hobeto, besteek ezagutuko duten sarera. Eta hori bada notizia. Gure informazioa nori ematen diogun axola ez zaigun animaliak bihurtu izana alegia.

Baina horri inoiz ez diote titularrik eskainiko eta ondorioz, nik ezingo dut Nire komunetik atal honetan, horrelakorik aipatu. Horrenbeste informazio pertsona bakar batek kontrolatzea gehiegizko delako, hara nire proposamena: FB nazionalizatzea. Hori bai, hori izango litzateke notizia bat. Zaila da hori gertatzea. Baina errealistagoa da notizia hori, bonolotoa tokatuko zaigula pentsatzea baino. Ez dezagun esperantza galdu. Ea hurrengo astean, Manu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA