Nire komunetik 101112

Imanol Epelde
0

Espektakulua eskaini digu naturak aste honetan.

Aurreko asteburuan zuhaitzetako hostoak lurrera kondenatu zituen haize leunak. Eta bizitzak milaka kolore marroi-horixka zituen alfonbra eskaini zigun paseorako.

Miraz ingurua kontenplatzera behartzen gintuen begiradak. Eta paseoan jarraitzera entzumenak, orbelaren gainean ibiltzea, piano pieza bat jotzea bezalakoa zelako hankekin… melodia infinituak musikatuz.

Hil herioan egon da natura. Hatsa labur zuela. Azkenetan. Hauts eta errauts bihurtzear. Eta akaso horregatik, udazkeneko orrorik minena egin nahi izan digu itsasoak hondo-hondotik, edo akaso, heriotzarekin lardaskan aritu delako, bihurtu da natura ikuskizun eder, udazken beteko aste honetan. Hauts eta errauts.

Errauts. Hala izena du aste honen bueltan estreinatu den antzerki lanak. Oholtza gainean euskalki denei arnasa ematen dieten sei aktore heriotzaz mintzatzen, eta bizitza oihukatzen. Batzuetan heriotzak baino min handiagoa ematen baitu ( ) bizitzak. Umore bastardoan, kritika zorrotza eta lotsagabea eginez, 70. hamarkadaz edo X belaunaldiaz.

Eta X-az ari garela, gogora datorkigu heriotza ofertak jaso zituen Espainiako presidente ohia. Ez sinesteko moduko deklarazioak lirateke, 20-30 bat lagun satorren artera bidali izan ez balituzte. Horiek bai bihurtu zituztela… errauts. Azaroaren 10ean oroitu ziren biktimak bezala. Haizeak eramandako hauts izan ez daitezen.

Baina asko dira gehiegi, isilarazitako negarrak eta ezkutatutako zerraldoak hemen. Eta denen malkoak xukatzen eta aitortzen ez diren artean, bizitza herrena izango du bakeak herri maitagarri madarikatu honetan.

Itxaropena. Horixe da asko behar eta falta zaiguna. Horregatik emango zioten “Dabilen elea” saria Zarauzko Itxaropena argitaletxeari, garairik beltzenetan euskarari argi ematen saiatzeagatik. Itxaropena. Horixe beharko dute Otegi, Permatx eta Alvarezek Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi berria den epaiketan. Nahiz eta jakin, Itxaropena, urte askotarako kartzelatu eta inhabilitatu zutela auzitegi hori sortu zuten egun berean.

Itxaropena Contadorrek ere beharko du, hurrengo bi urteak egunak kontatzen pasa nahi ez badu. Azpizuna garestia dela denok dakigu, baina inoiz ez dugu jakingo Contadorrek bezain ondo. Eta itxaropena beharko dute Saharan ere, laster hastekoak diren elkarrizketetan. Marokoko Erregeak oferta makabroak baino ez baititu ezagutzen, Felipe Gonzalezek jasotakoak bezala. Makabroa bai. Bushen memoria argitaratu berriak irakurtzea izan daitekeen bezala.

Ostirala da gaur: 10, 11 eta 12. Hala idazten da 2010eko azaroaren 12a. Amaitu da niretzat eta beste askorentzat astea. Jaiotzen denak hiltzea duelako zor. Baina naturan bezala, errautsak ongarri bilakatzen dira atzetik datorren bizitza berrirako. Eta aste hau joan den bezala jaioko da hurrena. Eta nik, nire komunetik jarraituko dut kontenplatzen humanitatea. Hurrengo astera arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA