Poesia kaleko hormetan aurki daiteke eta taberna batzuetako komuneko ateetan. Poesia gaua da, eta horretarako ilargia ez da ezinbesteko. Iragarki bat ere izan daiteke poesia: bisuala, hitzezkoa, musikala. Poesia egun bat ere izan daiteke. Martxoaren 21ean ospatu baikenuen poesiaren nazioarteko eguna.
Gaixotasun sendaezin eta kutsakortzat du jende askok. Baina poesia ia edonon dago, sms eta twitter mezuetan ere bai. Ezkutuan sarri. Pentsa, gerran ere ez da falta poesiarik. Batez ere propagandarako erabiltzen denean. Gerra bati, aste honetan bertan hasi duten gerrari, ez zioten deituko bestela… Egunsentia Odisean!
Poesia darabilte bai. Gerra guztietako lehen biktima egia izaten baita. Gerra oro da humanitatearen porrota, Tomahawk misil guztiak humanitatearen aberrazio. Baina giza eskubideak defendatzen ari omen dira Libian, F-18, fragatak eta urpekoak hartuta britainiar, frantses eta obamatarrak, eta klaro, espainiarrak ere bai, kongresuan euskal ordezkari bakar batek ere gerraren aurka bozkatu gabe. Giza eskubideak Libian soilik zapalduko bailiran, eta ez Palestinan, Yemenen, edo Sirian, aste honetan ikusi ahal izan dugun bezala. Baina orain, berandu da gelditzeko, eta gerra, kontu larriegia da militarren esku uzteko. Inteligentzia eta militarra aurkajarrita dauden bi termino baitira. Si vis pacem parabellum oihukatu digute. Baina beste bat da adierazi dutena: Si vis petroleum parabellum.
Baina, izan kontu, gerra bat irabaztea lurrikara bat irabaztea bezain ezinezkoa da. Areago zentral nuklearrak kaltetzen badira. Amesgaiztoak ez du etenik lurrikaretarako prestatua zegoen herrian, Japonian, eta 23.000 omen dira hildakoak, erreaktoreak ketan daude eta erradioaktibitatea, ikusi eta ukitu ezin daitekeen mamu beldurgarri hori, ez dago sustorik eman gabe geratzeko.
Guk ere ezin ikusi eta ukituko ditugu Zubietan egin nahi duten erraustegiaren gai toxikoak. Hori salatzeko, erraustegiari ezetz esateko zientoka lagunek hartu zuten parte aurreko igandeko flash mobean. Eta bitartean, aste honetan, Andoaingo saihesbide berria ireki dute. Beste bat. Aurrera bai baina saihetsetik doan herria baita gurea.
Iparraldean berriz, hauteskundeak izan dituzte pasa den igande honetan. Eta hegoaldean ere laster izango ditugu. Eskerrak hegoaldean itzuli bakarrera izaten diren! Pentsa. Martxoan gaude, eta hasiak dira alderdi politikoak herrietako hautagaiak aurkezten, hasiak dira gure buzoiak propaganda politikoz enpatxatzen, “Publizitaterik ez” pegatinei desaxola. Proposamenen bat ere entzun da egun hauetan: hauteskunde kanpaina bi astekoa beharrean, astebetekoa izatea. Handia litzateke hori, bai horixe, hemen luzatu beharko litzatekeen bakarra hausnarketa eguna delako. Lau urtez behin hausnarrerako egun bakar bat izatea oso gutxi da. Eta eman beharko lizkigukete gutxienez bi egun, edo bi aste edo gehiago akaso: hausnarrerako. Ez baita itxura, despistatuta iristea demokraziaren jai handira.
Kontua da gainera nahi duten guztiek aurkezteko aukerarik ez dutela izango. Ez oraingoz behintzat. Auzitegi Gorenak aste honetan debekatu egin baitu Sortu legezkoa izateko aukera. Epaileen mailuak betiko buru ber-berean jo du azken kolpea, KANK! inolako pietaterik gabe KANK, KANK!
Handia da gainontzean Espainiako futbol ligako zenbait klubek apirilaren lehen astebururako egin duten mehatxua. Grebara joko omen dute eta ez omen da asteburu horretan futbol partidarik izango. Ez dakit zergatik kexatu diren Erreala eta Athletic, entrenatzeko denbora gehiago izan dezaketenean. Ez baita kuxidadea Europara begira zeuden taldeak jaitsiera postuetara begira egotea orain. Eta ez naiz nekatuko esaten, euskal diru kutxak batzear diren bezala, on zatekeyela euskal futbol talde guztiak ere elkartzea. Berdin du fusioak hotza, epela edo beroa den, baina bat izango bagara, futbola hasiera ona litzateke eta ez kirol emaitzei begiratuta bakarrik.
Aste honek gerra bat ekarri digu baina baita udaberria ere. Hazten diren loreak F18 eta fusil buruetan jartzen jarrai dezagun. Bai eta gerrak justifikatzen dituzten horien gogoetan ere. Bihar egunak gauari ordubete jango dion bezala, izan dezala bizitzak iluminazio gehiago.