Nire komunetik 110408

Imanol Epelde
0

Biribila dihoakigu apirila, nahiz eta normalean hila euri pila egiten duena izan. Negurik ez eta udaberririk gabe geratu behar dugula dirudi. Baina kasu! Apirila bero badator, negua gero dator. Gainera, eguzkiz beterik ere, apirila marrantemaile, katarruemaile ona omen… Bai han eta bai hemen.

Baina nor jarriko da hotzerian pentsatzen, lehenengo aldiz, 30 gradu gainditu baditugu aste honetan, eta aurrenengo aldiz hondartzara joan bagara, edo estreinakoz ireki baditugu eguzkitako krema poteak, aftersunak eta etxeetako leihoak (edo lehenbizikoz jantzi udako arropa arina)… Hainbeste lehen aldirekin, apirilak, 8. eguna betetzerako galdu du enegarrenez… birjinitatea.

17. aldiz birjinitatea galdu duen bestea Korrika da. Trebiñotik hasita, aste honetatik aurrera Manex Agirre bertsolari txapeldun berria duen herrialdetik hasita hain justu ere. Euskarak galtza moltz eta peto tiranteduna jantzi eta 7 probintzia zeharkatuko ditu ondorengo 10 egunetan. Baina ez dakit 8. probintziara ere helduko den. Internetera alegia. Bisita dezake esaterako, aste honetan aurkeztutako Osakidetzaren webgune berria, euskara zainketa berezien gelan ingresatzeko moduan jarri baitute, akats, deformazio eta 3. graduko erredurez zauritua. Baina tira… ez gaitezen horren ezkorrak izan, aste honetan igo baitute sarera, testuak, euskara batutik bizkaierara itzultzen dituen programa bat. Laster gara beraz ondarrutarrak bezala berbetan, iparraldeko euskalkiak noiz itzuliko deuskuezan eskaka.

Bitartean euskara munduan etenik gabe zabaltzen darraigu, euskal politikak jendea euskalduntzeko duen potentzialaz baliatuz. Erdaldunik onenek ere badakite “Batasunak” zer esan nahi duen, “Herri” hitzak ere bai, “Borroka” ezagunenetan da ezagun, “Sortu” ikasi zuten zein aditz den eta aste honetan “Bildu” aurkeztu da. Aditzak ere hasi dira ikasten beraz, eta konjugatzen ere ikasiko lukete Espainiako Auzitegi Nazionalak Ipar haizea ere debekatuko ez balu.

Baina ez da Korrikarena aste honetan Euskal Herriko errepideetan dabilen herensuge multikolore bakarra. Banku eta telefonia propagandaz beteriko elastiko eta kuloteek hartu dituzte aste honetan asfalto gozoko gure bide bazter ederrak… eztarria ahoan animatzen duten milaka ikusleren aurrean. Eta behingoz, pelotak bai baina hanketakoak, hanka pelotak dira protagonista bihurtu diren bakarrak.

Inoiz amaitzen ez den itzulia, berriz, politikariena da. Hauteskundeak gainean, koipea eman eta eman arituko zaizkigu, CISek aste honetan jakinarazitako azken inkestei desaxola: herritarren gehiengo absolutuarentzat, arazo diren bakarrak, aurreneko klasean bakarrik bidaiatzen jarraitu nahi duten politikariak baitira. Ezta autobusetan bidaliko bagenitu ere! Baina tira, hemen, etorkizunarekiko esperantzak eta ilusioak hauspotu ezin eta langabezia eta interesak dira hazten ari diren bakarrak.

Bitartean, Portugalek erreskatea eskatu du arren-otoi-mesedez. Beste horrenbeste egin du Sakanak ere. ARFE enpresak inork ireki ezin izango duen azken sarraila egin eta jarri du bere lantokian eta 157 langile kaleratu. Baina nola erreskatatuko du Sakana Europak, etxean ere muzin egiten badiote!

Baina Afrikatik Europara etorri nahian dabiltzanak dira, inoiz inolako erreskaterik jasotzeko esperantzarik ez dutenak. Paperik gabeak omen, etorkinak. Baina izen abizenak dituzten umeak eta gizon-emakumeak dira itota hiltzen direnak. Diote itsaso zakar eta gaiztoa dela errudun, ezkutatu nahian Europako harresia dela gainditu ezin den olatu bakarra. Baina Europatik ez da hegazkin eta itsasontzirik bidaltzen Afrikara, gerrarako ez bada. Libiara orain gutxi eta orain Boli Kostara. Frantsesak denen buru, liberte eta egaliteak zabaltzera fraternitatez, Mediterraneoko itsaso odoldua ahaztuta.

Baina azken aldian itsasoak ez ezik, lakuak ere odoletan dauzkagu. Bai Euskal Herrian behintzat. Beste emakume bat aurkitu dute uretan hilik, indarkeria zantzuekin. Eta bigarrena da hiru astetan.

Arazoak mila dira munduan eta aterabideak zailak. Eta, andere-jaunok, flash mobak dira geratzen zaizkigun borroka bide bakarrak. Aste honetan aurkeztu da erraustegiaren aurkakoa, Korrika dela eta egin nahi dute beste bat. Akaso Pasaiako portuaren inguruan egin beharko da beste bat… Orain Pasaia porlan eta zementuz josteari biziberritzea deitzen baitiote, eta estrategikoa dela esan. Batzuentzat egin beharra dagoela iruditzen den guztia baita… estrategikoa. Ikea berria Baionan eraikitzea bezala.

Jangoiko potxolua! Azkenean onena agintaritzan abeslariak jartzea izango dugu… Haitin bezala. Eta raperoak badira hobe, herri errimazalea baita gurea. Prentsaurrekoak 8ko txikian emango lizkigukete, edo besterik gabe kantatu egingo ligukete. Kantatzen duen herrian ez baita inoiz faltako apirilean lorerik. Asteburu on denoi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA