Ez dut fede handirik hauteskunde egunekin. Ez dut uste funtsean gauzak ikaragarri aldatuko direnik kolore bateko edo besteko alkatetzekin. Eta esango didazue alda daitekeela zaborra biltzeko sistema, bertan behera geratu daitezkeela abiadura handiko zenbait proiektu. Baina, andere-jaunok, sakonagoa da bizi dugun noragabea. Zaborra biltzeko sistema aldatuta ere behar baino zabor gehiago sortzen jarraituko genuke, abiadura handiko proiektuak geldiarazita ere, abiadura handiegiko bizitzekin segiko genuke, errebuelta bakoitzean derrapatzen.
Ez. Ez dut fede handirik hauteskundeetan, ez hauteskunde bidezko ustezko demokrazian. Bat egiten dudan proiektuak eta sinesten ditudan ametsak herrian sortzen diren eta nik niretzat hartzen ditudan lanak dira. Xentimorik gabe, autogestioan eta asanblean oinarrituta, inolako mendekotasunik gabe, jakintza eta teknologia librean oinarrituta aurrera ateratzen diren proiektuak. Horietako bat da Zarauzko Arraio Irratia. Ez da irrati handia, askotan egiten du huts, entzun ere tarteka ez da behar bezala entzuten, baina, gurea da, gure hitzei ematen die haize, eta 5 urte egin ditu aurten. Arraio herri osoari irekitako mikrofonoa da, eta horrek balio du.
Urte batzuk egin nituen irratsaio batekin, Lizarriturri DJ doktorearekin batera. Sufritu eta disfrutatu egin genuen. Asanbleak igande arratsaldetan izaten ziren (eta dira!), astero-astero irratsaio bat egitea ez da broma, jende gutxik entzuten gintuen. Baina handia zen, mikroa inork-ezer-inoiz esateko beldurrik, konplexurik eta autozentsurarik gabe irekitzea. Askatasunak Arraioko irratsaio bat izan behar du nonbait.
Horregatik besarkada estua eta zorionik beroena 27zapataren partez. Dagoeneko bi urte badira irratsaiorik egin dudala bertan, baina, zin dagit, eta mehatxu bat da hau, itzuliko naizela noizbait. Momentuz, antolatu duzuen urteurreneko ospakizunetara arrimatuko naiz…
Prestatu duten kuña hemen entzungai.