Nire komunetik 110617

Imanol Epelde
0

Pasa den larunbata egun berezia izan zen Hego Euskal Herriko txoko gehienetan. Badakizue, makila normalean mendira joateko erabiltzen dugu, edo elkarri bizkarrak berotzeko. Baina ez aste honetan. Ez, aste honetan makilak eskuz aldatuta, udalbatzak agintariz eta gobernuz kanbiatu dira. Baina aldatu, benetan aldatu dena hori baino gehiago izan da. Larunbatean udal gobernu guztiak desegin eta herri asanbladak deitu ziren, herriko haritzen magaletan.

Baina, ikaragarriagoa izan zen akaso Miribillakoa. Hau ere larunbatean. 3.700 lagun aurrean zituztela, eta 100. urteurreneko kandela piztuta zela, sindikalgintza utzita kulturgintzara dedikatuko zela jakinarazi zuen ELAk. Batez ere Bilboko ezkerraldea eta Sakana bezalako lurralde kastigatuak, lurrez, airez eta animoz laguntzeko konpromisoa aho batez hartu zelako Euskal Herriko herri asanblada guztietan.

Aste honetan jakinarazi denez, gainera, lan hitzarmenak negoziatzerakoan ez dago eztabaidarik enpresari eta sindikatuen artean, eta lan erreformak atzera bota eta berriak egitekotan geratu dira. Mundu honetan bi egun egin behar eta, elkarrekin ondo konpontzea ezinbestekoa dela sinetsita.

Horregatik aterako ziren asteazkenean, Kataluniako parlamentuko politikari guztiak atarira, protestan ari zirenekin hitz egitera, kalez jantzitako poliziak iskanbila sortzera bidali beharrean, orain arte ohikoa izan den bezala. Ondoren, Parlament barrura gonbidatu zituzten guztiak, euren eserlekuetan eseri eta arazoari konponbideak elkarrekin aurkitzera. Ikaragarria izan zen. Grezian bezala. Historiara pasako dira Papandreu eta bere meneko agintari guztiak Sintagma plazara jaitsi eta herritarren kexu eta proposamenak banan bana apuntatzen aritu baitziren egun osoan. Grezia kontraeredu izatetik mundu osoaren eredu izatera pasa da aste honetan, egun bakarrean.

Martxa honetan, aste honetakoak izango dira ikusiko ditugun azken manifestazioak. Elkartasuna nagusitu baita kaleetan, solidaritatea. Eta sinistu iezadazue, ez dago hori baino defentsa estrategia efikazagorik. Adibidez, unibertsitatera sartzeko euskarazko hautaproban eginiko hanka sartzea salatzera, ez dira Kimikako azterketa egin dutenak soilik atera. Euren ikaskide guztiak ere atera dira. Areago, hautaprobak gaztelaniaz egin dituztenak ere eurekin atera dira protestan.

Horrelako erantzunarekin, hanka sartu aurretik guztíek itxiko dituzte zulo guztiak. Egon seguru. Entzun bestela aste honetako beste adibide bat. Xala gaixotu eta finaletik kanpora utzi nahi izan zuten. Baina finala jokatu beharko zuten ordezkoek, uko egin zioten aukerari, euren lankide eta lagunari eginikoa justua ez zela argudiatuta. Eta horrela, elkarrekin protesta egin eta lortu dute finala merezitako pilotariek jokatzea. Pilota ez baita dirua bakarrik, ez eta bizitza ere. Horregatik dabil bolo-bolo aspaldian “etika” izeneko hitz bat. Pentsa “Gora etika!” jartzen duten pintadak hasi dira agertzen herriko kaleetan. Udaletxeetako balkoietan ere “etika bai” dioten kartelak hasi dira zintzilikatzen.

Zentzu berean ulertu behar da aste honetan Miribillan gertaturikoa, oraingoan 9.000 ikusleren aurrean, Bilbao Basketen eta Bartzelonaren arteko laugarren partidan. Bakoitzak bina partidu irabazita, boskarrena jokatzeari uko egin baitzioten, adiskidantzaren izenean, xakean bezala, beste kiroletan ere, berdinketa zilegi dela aldarrikatuz. Partidaren amaieran, eta hau ere historiara pasako da, “Galtzailerik ez, etika ofizialdu” jartzen zuen pankarta atera zuten jokalari guztiek.

Aste berezia. Aste ahaztezina, historikoa izan da hau. Berlusconi ere orain arteko prepotentziak albora utzita, erreferenduma egiten aritu da Italian. Eta eredu onari jarraituz, Espainian ere beste horrenbeste egitea erabaki dute, politika, jendearen kontseiluak entzunez egin behar dela sinetsita. Erreferendum horretan estatu monarkikoa nahi den ala ez galdetuko omen da, BBCk aste honetan eman dituen irudien harira, eutanasia legeztatu nahi den ere bai, eta izango omen da hirugarren galdera bat ere: astean lau egunez baino gehiagoz lan egitea debekatu nahi duen legea jendeak onartzen duen edo ez jakin nahi da.

Horrek ez du esan nahi, aurrerantzean, aingeruen tronpetek armonizatutako bake zerutiarrra izango dugunik. Ez da hika mikarik faltako, saltsarik ere ez, baina bizimodu sanoa izango da hemengoa, azalaren koloreak, sexuak edo zaletasunak bereizten ez gaituela, polizia eta armaden beharrik gabe.

Honezkero esango zuen norbaitek zertan ari naizen, aste honetako kronika gezurra dela, amets bat. Baina nago proposatutakoa gezur ederra eta amets ederragoa delakoan. Tsunami naturalak ezin daitezke ebitatu, baina bai gerra bezalako tsunami humanoak, hezkuntza eta kulturan gutxiago inbertitzea bezalako tsunami politikoak, “erreskatea” deituriko tsunami ekonomikoak… eta aste bat, nahikoa genuke aste bat mundua aldatzeko, aste bakar bat, bai, nire asteko kronikak nire komunetik ateratzeko.
Besarkada estu bat denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA