Nire komunetik 110610

Imanol Epelde
0

Esaten digutena dakigu. Eta ez besterik. Mundua kontatzen digutena da. Mapetatik harantzago ez dago Namibiarik… ez Mongoliarik… ez eta, Europaraino etorrita, Bulgariarik ere. Badirudi ez dela inoiz ezer gertatzen herri horietan. Atentatu eta tragediak ez badira.

Bestela, notizia izango badira, iraultzak behar dituzte. Eta hala ere, astebetez baino ez diegu jarriko arreta. Tunisiaz esaterako ez gara mintzatu ez aste honetan eta ez aspaldian, Egipto ere desagertu da, Libiako gerrak hirugarren mailako ligan jokatzen du gure periodikoetan… Baina horiek baino patu askoz larriagoa bizi dute estaturik gabeko herriek. Adibidez, aste honetan jakin dugu Vietnamen Hmong etniako herritarrak gobernuaren aurka altxatu direla. Mundua gure komuneko leiho txikitik kontenplatzen dugu. Kalez bestaldera, zer gertatzen den jakin ezinik.

Miopeak gara. Mundua ikasteko eta ikusteko katalejoak noiz fabrikatuko dizkiguten eskaka. Edo ez. Akaso, gure zilborrari, gure mundu txiki partikularrari begiratzearekin konformatzen gara. Horrek ere laguntzen baitu gainerakoa ulertzen. Eta zer hobe horretarako literatura baino, zer hobe horretarako hiri literario bat… literaturia sortzea baino, Macondo bat, Kalaportu bat, Larrabetzu bat, azken horretan hezurmamitu baitzen pasa den asteburuan euskal letren errepublika.

Proposamen artistiko ugari ikusi ahal izan ziren, baina ez da hori horrelako egunek nobedadetik duten bakarra: idazleak, hitza langintza duten jainko txiki horiek, zerbeza bat kalean hartzen eta mugikorreko twitterrean fantaseatzen ikusi litezke, arrunkeria erabatekoan.

Ez dago zalantzarik. Ekaineko bigarren astea bereziki izan da produktiboa kulturalki. Bai. Jon Kortazarrek Kirmen Uriberen arima hitzetara itzuli du. Unai Elorriagaren testuan oinarritutako “Burnia” ikuskizuna atzo taularatu zuten Arriagan. Zuzeun irakurri dugu, hizkuntza, armak eta elefante zuriak mintzagai zituen Marie Darrieussecq eta Sarrionandiaren arteko elkarrizketa. Dora Salazar, Joserra Senperena eta Harkaitz Canok berriz, marrazkia, musika eta hitza batu dituzte. Eta noski, izango da aste honetan sortu dela ez dakigun lanik ere. Esaten digutena baitakigu. Eta ez besterik.

Badaukagu bai zer irakurria eta zer ikusia. Zer esanik ez, aste honetan beste museo bat inauguratu dela kontuan izanik. Oraingoan Getarian, oraingoan Balentziagarena. Nafarroan perretxikoak bezala museoak dauzkagu Gipuzkoan, ez gaitezen eta batez ere, ez daitezen udan aspertu euriarekin hondartzara joan ezin dutenean. Baina zaila dago aspertzea, ate joka ditugun herri eta auzoetako jaietako egitarauak ikusita. Aurreko asteburuan gainera jaia eta aldarrikapena batu ziren. Larunbatean UEMA eguna ospatu zen eta igandean Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia, eskolari adjektibo amaiezinak eransteko: berritzailea, doakoa, guztiona, solidarioa, euskalduna, laikoa…

Autonomoa, inklusiboa, demokratikoa… Batzuetan hitz horiekin zer adierazi nahi den ulertzea den arren zaila. Bitartean, bukatzear da ia itungintza deituriko Monopolyaren lehen itzulia. Alkatea aukeratzeko batzarren atarian, oraindik ez dakigu zein norengana hurbilduko den argi eta garbi. Eta sorpresen esperoan gaude denok. Notizia bila. Ez dakigu opor fiskalek utzitako zuloa nork-zerekin kitatuko duen ere, aurreko agintaldikoek utzitako udal eta instituzioetako zorrak zenbaterainokoak diren ikusita…

Portugalen berriz, aurreko igandean izan zituzten hauteskundeak. Ehuneko ia 60a ez zen botoa ematera joan. Hala ere, baliozkoak izan dira hauteskundeak eta Pedro Passos Coelho izango da presidente. Perun Humalak irabazi eta burtsak umeen pareko zaputza harrapatu zuen eta behea jo. Hauteskunde edo galdeketarik egin gabe aukeratu dute Errealeko entrenatzaile berria, bai eta Migel Buen Barne sailburuorde kargurako ere, nahiz eta aukeraketa horrek hauteskunde emaitzekin izan jatorria…

Baina jatorrietan ezezagunena e-coliarena da. Hegoaldeko milaka gaztek hautaprobak egin dituzte aste honetan eta espero dezagun horretaz galdetu ez izana. Alemaniarrek ere ez baitakite e-coliaz. Eta haiek ez badakite. Ea zeinek jakin behar duen. Guk dakiguna da azterketa horiek egin berri dituzten guztiak kalera aterako direla asteburuan, inoiz izango duten udararik luzeena zelebratzera. Merezitako deskantsua eurentzako eta gainerakoentzat, merezitako asteburua. Ostiral on guztioi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA