Nire komunetik 110603

Imanol Epelde
0

Urtea hasi besterik ez zelakoan geunden eta iritsi gara seigarren hilabetera. Aste honetan jarri da martxan hondartza denboraldia… San Ferminetarako prestaketa lanak ere hasiak direla ikusi dugu… Uda dugu ia denok buruan. Eta oporrak. Hasiak gara entzuten aurten ere jendeak egin asmo dituen bost izarretako oporraldien detaileak: bat Indonesiara doa, bestea Tanzaniara bizikletarekin, eta hirugarrena Karibera kruzeroan. Oporretan etxean geratzeak ez baitu argazkirik ematen!

Espainiako gizonezkoen futbol liga ere amaitu zaigu eta hori ere bada uda bertan dugunaren adierazgarri. Orain fitxaketa eta kaleratze eta futbol denboraldiaren balorazioz beteta datozkigu kirol orriak. Baina orain, saskibaloiaz ere mintzo dira! Bizkaitarren atzo gaueko balentria ez baitzen gutxiagorako izan!

Eta noski, jokoa jolas bihurtuz Txapeldunen liga irabazita, Bartzelonaren inguruko berriak ere ugari izan ditugu aste honetan. Batez ere Euskal Herrian: kopa gurea bailitzan jaso genuelako aurreko larunbatean taberna eta etxe askotan, euforia eta antsietate sinestezinez. Irabazleen bandoa beti eta denontzat baita… ezti.

Uda hastear da bai. Eta horren adierazgarri ere bada Italiako Giroa bukatzea. Baina ai, Alberto Contador gaixoa, hainbeste sufrimendu-neke eta hainbeste etapa oparitu ostean, Francoren garaiko Espainiako ereserki harroa jasan behar izan zuen Milango Duomo katedral arranditsuaren aurrean… serenitate beldurgarriz. Nahigabe eta errorez jarri omen zioten ereserki hori. Nahigabe bai, ustekabean. Espainiako Real Academia de la Historiaren biografietan Franco “generalisimo” gisa definitzea bezala, “buru eraginkor eta zorrotza” zuela esanez, eta “erregimen autoritario bat sortu zuela, baina ez totalitarioa”. Poesiara gerturatzen da bere bere biografia, aliterazio, erritmo eta kontraposizio ederrez: “autoritarioa bai, totalitarioa ez”.

Enfin. Gerra krimenak egitea leporatuta, Ratko Mladic Hagara eraman duten aste berean, guk Rodezno konde frankistaren Iruñeako plazetan jarraitzen dugu paseoan pipak jaten.

Gure hiriko kale eta plazez ari garela, ezin ahaztuko dugu Donostiak aste honetan izan duen kultur superbisore mordoaren bisita. Badirudi 2016an bukatuko dela mundua donostiarrentzat… edo akaso lehenago. Batzuentzat bai behintzat. Segun eta zeinek hartzen duen alkatetza ba… Kontuak kontu, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik hirutan alkate erdaldunak izango ditugu. Hori seguru. Eta hala ere, aste honetan askok adierazi dute euren harridura, ez delako euskara jakitea eskatuko EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako 42 lanpostutan. Zertan harritu horrekin, herri honetako lehendakari izateko ere ez badago euskararik jakin beharrik! Horregatik beharko ditugu berriz ere, igande honetan bezalako Boga aldarriak eta ibilaldi jaiak, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko, euskaraz elkar goxatzen jarraitzeko, gure hizkuntzan uler gaitzaten nahi dugula aldarrikatzeko.

Gainerakoan, ez da ezer arrarorik gertatu: supermerkatuetako ofertek beti bezain erakargarri eta engainagarri jarraitu dute, beti bezala erori zaizkit sagarrak kaxetatik poltsetara sartzerakoan, baina ingurura fijatzean… izulaborriak jota bizarrak zutitu zaizkit aste honetan, mehatxuz eta larderiaz nuelako begira… pepino batailoi bat!

Ikustekoa eta ikastekoa da zentral nuklearren inguruan Alemaniak hartutako erabakia ere. Zentral guztiak 2022rako itxiko dituzte, Garoñak artean kez eta petatxoz betea funtzionatzen segiko duen arren. Italian ere erreferenduma egingo omen dute energia atomikoaren inguruan. Erreferenduma. Uau. Zer da hori! Gure hiztegietatik aspaldi desagertu zen terminoa inondik ere.

Bestela, itsasoa zoritxarreko protagonista bihurtu da enegarrenez, Mediterraneoa Europako ametsaren hilerri bihurtu da bart. Piratak ere agertu omen dira gainera, are okerrago, pirata txinatarrak, Googlen orrietan pasahitzak lapurtzen surfean aritzen diren pirata txinatarrak. Frantzian berriz, gero eta gehiago dira gizonezko ministroak emakumeen aurkako bortxaketekin lotura dutenak. Eskerrak gauza batzuk gero eta gehiago jaisten hasi diren: langabezia, petrolioaren prezioa eta etxebizitzena esaterako. Batzuetan behera egiteak ez baitu atzera egitea adierazi nahi… asteburu basatia denontzat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA