Bank! Bank! Bank! Zaurituta gaude!

Imanol Epelde
4

Handiak izaten dira ideiak, ikaragarriak asmoak. Baina ez dago haiek gobernatzerik gobernuan. Utopiak ez baitira boterean gauzatzen. Gaurko instituzioetan agintzeari deitzen diote askok politika. Baina gezurra da hori. Instituzio horiek, jendartea gobernatzeko moduak oro, ekonomia interesak defenditzen dituztenen trikimailuak baino ez dira. Begira non geratu den boterean dagoen sozialismoa. Badakizue, diote, krisia mundiala da (eta zer esanik ez batzuentzat), beraz, politikak FMIrena izan behar du, mundua zukutzen dakitenena, herriak gerrara derrigortu, gosea zabaldu eta pertsonak diruaren menera jarri, inbidiatan bizhitsera kondenatuta.

Garitanoren sozialismoari ere beste horrenbeste gerta dakioke, Kutxa ez baita soziala izan inoiz, Kutxa ez baita Espainiako aurrezki kutxarik errentagarriena izan orain arte, karidadeagatik. Hain justu ere kontrakoagatik, erosi duelako hango eta hemengo enpresetan eta burtsetan, makinizatu dituelako bulegoak (inork ez bezala) humanizatu beharrean, lan baldintza miserableetan kontratatu langileak, behartu gaituelako Kutxan kontuak izatera arazotan sartuko ez bazara (kultur ekitaldietako sarrerak erostean, EHUn, garraio publikoan…). Kutxak ez du inoiz izan dirua pertsonen zerbitzura, eta gutxiago Euskal Herriaren zerbitzura, Lizarra-Garaziren garaitik hasi zelako sukurtsulak irekitzen Madrilen (hemengoak baino eskaintza hobeak eginez hango bezeroei).

Bank gehituko diote orain. Eta lehen saltzen zutena jarraituko dute saltzen: dirua pertsonen zerbitzura. Caixak egiten duen bezala, edo Banca Civicak edo BBVAk… Edozein kaka saltzen delako gaur komunikazio politika on batekin.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA