Euskal jai integralak

Imanol Epelde
0

Edo integristak. Nahi duzuen bezala. Irailaren 9an ospatu genituen. Eta batzuk aldarrikatu ere bai, gure identitatea, hizkuntza, kultura eta bizi nahia. Gehiegik desfasearekin bakarrik ulertu arren eguna. Ez naiz ni izango kurioso ibili nintzela esango duena. Baina badira gauza batzuk egun hori bereizi egiten dutenak, eta ni saiatzen naiz horietan hutsik ez egiten.

Goizeko jai giroa (hein handi batean Alproja eta Goiztarrak taldeen lanari eskerrak) eta arratsaldekoa: Inurritzako erromeria. Iluntzean ez du berezitasunik Zarauzko Euskal Jaiak. Horregatik esaten diet kanpoko guztiei eguneko jai giroa bizitzeko, Alproja edo Goiztarrak bizi beharko litzatekeela eta arratsaldean erromeriara joan, Inurritzara. Baina uste dut kanpokoei ez ezik etxekoei ere mezu bera zabaltzeko unea dela, adarra literalki jotzekoa, alarma guztiak pizteko. Batez ere arratsaldeko erromeriara gero eta jende gutxiago joaten delako. Bai, jende asko zebilen aurten ere Zarauzko kaleetan, baina ez Inurritzan. Eta partez da jendea herrian geratzen delako urteko beste 500 egunetan egin lezakeen berdina egiten, eta partez manifestazio jendetsua egiten delako arratsaldeko 7tan, Independentzia eta sozialismoa goiburuarekin (bertako jende asko herrian geratzen da horrela), eta batez ere jai egun horren zentzua galtzen ari garelako.

Euskal jai parte hartzaileagoak bultzatu beharko genituzke, eta nortasuna eman. Serio pentsatzekoa da besteak beste, garai bateko karrozen “lehiaketa” berpizteko ideia, gure zurrutekin hornitutako Eroskiko karroak lehian jarri beharrean bakarrik. Izango dira gehiago ere proposatu litezkeen ideiak. Ez da denekin asmatuko. Baina probatu beharko genituzke. Euskal Jai eguna berrasmatu beharra dagoen irudipenarekin geratu nintzen aurrekoan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA